Kartzelan sartu da 9 urteko ilobari ustez sexu abusuak egin zizkion gizona

Erredakzioa 2020ko uzt. 7a, 13:21
Ustezko erasotzailea berehala Zaballan espetxeratzeko agindua eman du epaileak. / ZARATEMAN

9 urteko ilobari sexu abusuak egiteagatik akusatutako Gasteizko bizilaguna astelehenean sartu da Zaballako espetxean, 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegian deklaratu ondoren. Epaileak "berehala" espetxeratzeko agindua eman du.

Ihes egiteko arriskua eta bere erasoetako bat erakusten duen argazki batzuek eragin dute epailearen premiazko erabakia, ikerketak jarraitzen duen bitartean. Zaballako ziega batean isolatuta egongo da bi astez, Covid-19aren aurkako neurriak direla eta.

El Correo egunkariak larunbat arratsaldean argitaratu zuen kasua. Hedabide horren arabera, siesta egiten ari zela, bikotekideak mugikorra hartu eta argazkiak begiratu zituen; bertan irudi "intimo" batzuk aurkitu zituen. Emakumeak bere senarra eta bere iloba atzeman zituen, eta kasua salatzea erabaki zuen.

Komisaldegian, osabaren ustezko sexu-abusuen berri eman zuen 9 urteko neskak. Biktimak ikertzaileei jakinarazi zienez, ama eta izeba lanera zihoazenean, gizonak sexualki erasotzen zuen. Hirurak -bera, bere ama eta bere arreba- ustezko erasotzailearen etxera bizitzera joan ziren iragan Gabonetan.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide