Udalak ez du txupinazorik jaurtiko abuztuaren 4an, osasun langileei eskainiko dien omenaldian. Euskal Herrian izandako azken gertakariek eraman dute Udala erabaki hori hartzera, Covid-19ak berriro ere hedatzea ekar lezakeen jende pilaketarik gerta ez dadin.
"Azken egunotan hainbat ospakizun ikusi ditugu han eta hemen, Gasteizen eta beste leku batzuetan, eta nola sortu diren jende pilaketak, eta ez diren errespetatu gaixotasunaren hedapena galarazteko beharrezkoak diren neurri sanitarioak", deitoratu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Zinegotziak salatu du ekintza horietan parte hartu zuten pertsona askok ez zutela maskararik erabili, eta ez zutela segurtasun-distantzia mantendu. Guzti hori ikusita, hirian txupinazorik ez egitea erabaki dute: "Gasteiztarren osasuna zaintzeko egokiena hori dela uste izan dugu, eta horrekin arduraturik hartu dugu erabakia", jakinarazi du Cantok.
Osasun langileei omenaldia
Bestalde, iragarri bezala, osasun langileei omenaldia mantentzea erabaki du Udalak, "pandemia honekin gehien sufritzen ari den kolektiboetako bat" delako. "Gure ustez eskertu beharrekoa da izan duten inplikazioa, herritarrei eskaini dieten laguntza, beren gain hartu duten arriskua", gaineratu du zinegotziak.
Udala lanean ari da dagoeneko, jendaurrean izango ez den ekitaldi instituzionala antolatzeko. Era berean, abuztuaren 4an, omenaldia egingo zaio Zeledoni, Urrezko Zeledon Saria emateko ekitaldian, Principal antzokian.