Vital Fundazioak eta Arabako Natur Institutuak 'Gasteizko hiri-hegaztiei buruzko gidaliburua' aurkeztu dute gaur. Hiriko fauna osatzen duten 65 txori espezieei buruzko informazioa biltzen duen argitalpena. Grafiko, ilustrazio eta testu ikusgarrien bidez, hiriko berdeguneetan aurkitu ohi diren 42 espezieetan sakontzen du katalogoak, baita bertatik ibiltzen diren beste 23tan ere.
Hiri-espazioak dira hegazti espezie askoren habiak egiteko tokirik gustukoenak, eta horietako batzuk, enara azpizuria (Delichon urbicum), sorbeltza (Apus apus), enara (Hirundo rustica) eta txolarrea (Passer domesticus) kasu, eraikinei estuki lotuta daude. Baina Gasteizko hegazti gehienak espezie arruntak dira, parke, lorategi eta beste berdegune batzuetan bizitzera egokitzen jakin dutenak, bertan behera utzitako lurrak eta landaretza egokia duten lurzoru industrialak barne. "Leku gutxitan aurki dezakegun luxua da, eta Gasteizen bizitzeko zortea dugu, naturak eta hiriak elkarbizitzaren formula magikoa lortu dutela dirudien oasi horietako bat", azaldu du Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañezek aurkezpenean.
Gida horri esker, irakurleak kale eta eraikin enblematikoenetan bizi diren hegaztiak ezagutu ahal izango ditu, baita espezie horietako batzuek dituzten arazoak ere, batez ere eraikuntza berriek eragindakoak. "Batetik, herritarrak modu erraz eta erakargarrian kontzientziatu nahi ditu ondare arkitektonikoaz eta izaki bizidunekin duten harremanaz; eta, bestetik, ingurumen hezkuntzan oso tresna baliagarria izan nahi du ikastetxe, unibertsitate, gizarte zentro eta abarrentzat".
500 ale baino gehiagoko lehen tirada bat argitaratu dute, 400 gaztelaniaz eta 120 euskaraz, eta 15 euroko prezioan eskuratu ahal izango dira. Interesa dutenek Arabako Natur Institutuaren egoitzan (Pedro de Asua, 2, 3) eskuratu ahal izango dute ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara, edo posta elektronikoz eskatu ahal izango dute, ianani.araba@gmail.com helbidean.
