Koronabirusa

Salburuko eta Ariznabarreko rokodromoak berriro irekiko dira

Erredakzioa 2020ko eka. 30a, 18:05

Salburuko rokodromoa. / GASTEIZKO UDALA

Asteazken honetan, uztailaren 1ean, berriro irekiko dituzte Salburuko eta Ariznabarreko rokodromoak. Abetxuku, Adurtza, Astronomo eta Zaramagako pilotalekuak eta Hegoaldeko squash pista ere erabili ahal izango dira, erreserba eginda.

Udalaren kirol instalazioak berriro martxan egongo dira aste honetatik aurrera: bi rokodromo, lau pilotaleku eta squash pista bat irekiko dituzte asteazken honetan, herritarrek zuzenean erabiltzeko aukera izan dezaten; segurtasun protokoloak ezarri dituzte.

Rokodromoen kasuan, momentuz urteko abonamendua duten pertsonak baino ezingo dira sartu, eta baldintzak aldatu egin dira edukierari dagokionez: Salburuan 10 pertsona egon daitezke aldi berean, eta astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 18:00etara egongo da zabalik; Ariznabarrean, ordea, 18 pertsonako edukiera egongo da, eta astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:45era egongo da zabalik.

Gainera, araudi berria ezarri dute, koronabirusaren hedatzea saihesteko:

  • Salburuko rokodromoan ordubeteko jarduera bermatuko da; Ariznabarrekoan, ordu eta laurdenekoa.
  • Instalazioetan sartu eta handik irteteko maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
  • Rokodromoan sartu aurretik, erabiltzaileek eskuak garbitu beharko dituzte, eta katu-oinak desinfektatu
  • Rokodromoen sarreran gune bat egokituko da oinetakoak aldatzeko eta bestelako jantziak uzteko.
  • Ez dago aukerarik aldagelak eta dutxak erabiltzeko.
  • Higiene baldintzak bermatzeko material batzuk ezingo dira erabili.
  • Beste batzuk desinfektatu egingo dira.
  • Magnesioa erabili nahi izanez gero, magnesio likidoa izan beharko du.
  • Salburuko rokodromoan, bakarrik boulderra eta zeharkaldiak egin ahalko dira.
  • Ariznabarreko rokodromoan, boulderra eta horman egokitutako eskalada-bideak erabili ahal dira. Ezingo da zeharkaldirik egin, ahal den neurrian eskalatzaileen arteko gurutzaketak saihesteko.
  • Bakarrik korapilo batez lotuta ez dauden sokak erabili ahal dira.
  • Ez da erabiltzerik izango eskaladarekin zerikusi zuzena ez duten elementuak eta osagarriak: horma-barrak, koltxonetak...
  • Ariznabarrean, ezingo dira erabili ez campusa ez enbor-egitura.
  • Ez da ez arnesik ez kaskorik alokatuko.
  • Grigria erabiltzen duenak desinfektatu egin beharko du erabili aurretik eta ondoren.

Pilotalekuak

Horrez gain, asteazkenean hasiko dira jarduerak Abetxuku, Adurtza, Astronomo eta Zaramagako pilotalekuetan, zuzeneko erreserba eginda. Dagoeneko erreserbatu daitezke, eta leku bakoitzean dagozkion euskal pilotako modalitateak praktikatu daitezke. Erabiltzaileek maskara eraman beharko dute, kirola egiten ari direnean izan ezik. Materialak desinfektatu egingo dira erabili aurretik eta ondoren, bakoitzak bere kirol-poltsa eraman beharko du, eta ezingo da espazio komunetan egon.

Squash pista

Halaber, Hegoalde gizarte etxeko squash pista asteazkenetik aurrera erabili ahal izango da; kasu honetan ere, zuzeneko erreserba eginda. Beste pista batzuk irekitzen ari dira Mendizorrotzeko eta Gamarrako instalazioetan zein gizarte etxeetan: badminton, tenis, mahai-tenis eta padel pistak, besteak beste.

Ariketa gelak

Gizarte etxeetako ariketa gelak astelehenetik daude zabalik. Segurtasun protokoloaren arabera, maskara eraman behar da sarbideetan, eta ezin da ez aldagelarik ez komunik erabili. Edukiera kontrolatuta dago, gela bakoitzean %50 ez gainditzeko. Erabilitako materiala behar bezala desinfektatuko da. Ariketa gelen erabilera-irizpideak eta segurtasun-arauak eguneratu dituzte osasun egoera dela eta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago