Koronabirusa

Gasteizko liburutegiak normaltasunera itzuliko dira uztailaren 1etik aurrera

Erredakzioa 2020ko eka. 29a, 11:20

Judimendi gizarte etxeko liburutegia. / GASTEIZKO UDALA

Uztailaren 1etik aurrera, udal liburutegietara aurretik hitzordua eskatu gabe joateko aukera izango dute erabiltzaileek.

Udal Liburutegien Sareak zerbitzu guztiak berriro martxan jarriko ditu uztailaren 1etik aurrera, osasun larrialdiaren osteko normaltasun berrira egokitzeko. Besteak beste, Gasteizko gizarte etxeetako baliabide horien erabiltzaileak zuzenean joan ahalko dira, aurretik hitzordua eskatu beharrik gabe, eta nahi dituzten liburuak, diskoak edo filmak eraman ahal izango dituzte maileguan, baina ezingo dute erreserbarik egin.

Gainerako zerbitzuak ere martxan jarriko dira: aretoko kontsultak, fotokopiak eta ordenagailuak. Halaber, nahi dutenek liburutegietan ikasteko aukera izango dute.

Gehienez %60ko edukiera kontrolatuko da, eta erabiltzaileek metro eta erdiko segurtasun distantzia gorde beharko dute, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok azaldu duenez. Horrekin batera, liburutegira sartzeko ezinbestekoa izango da dagokion txartela eramatea, eskuak gel desinfektagarriz garbitzea, eta maskara erabiltzea, aretoan egon bitartean; familia liburutegira doazen 6 urtetik beherako umeek ez dute erabili beharko.

Liburuak eta bestelako dokumentuak itzultzeko kutxa bat jarriko da liburutegien sarreran, eta bertan utzi beharko dituzte erabiltzaileek. Liburutegia itxita dagoenean, itzulketa-ontzia baliatu ahal izango da. Itzultzen diren dokumentuek zazpi eguneko berrogeialdia igaroko dute, eta, epe hori bukatu ostean, dagokien lekuan jarriko dira berriro, katalogoan erabilgarri.

Bestalde, udako mailegu berezia jarriko da martxan; hau da, sei liburu, sei CD eta sei DVD eskatu ahalko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago