Udalak ez du baimenik eman Adurtzako jaiak ospatzeko

Erredakzioa 2020ko eka. 29a, 09:59
Adurtza Dantza Taldea 2019. urteko auzoko jaietan. / ADURTZAKOAK AUZO ELKARTEA

Gasteizko Udalak auzoko jaien 60. urteurrena ospatzea ukatu diela salatu du Adurtzako jai batzordeak. Aurreikusitako egitarauaren ordez, jai herrikoien aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean, uztailaren 4an.

"Pandemiaren aitzakia erabilita, Marotok hasitakoa amaitu nahi du Urtaranek: auzoetako jai herrikoiekin amaitu", deitoratu du Adurtzako jai batzordeak; eta Gasteizko Udalak auzoetako jaiak ospatzen ez uzteko erabakia hartu duela kritikatu du.

Jai batzordearen arabera, konfinamendu garaian "behin eta berriro" saiatu dira jaiak ospatu ahal izateko izapideak egiten, baina Udalak "behin eta berriro" itxaron behar zela azaldu die. Lehen fasera igarotzean, epeak agortzen ari zirelako, Udalak egitarauak bidaltzeko eskatu ziela azaldu dute, "korrika eta presaka".

Hori dela eta, "ezohikoak izango ziren jaiak" antolatzeari ekin zion Adurtzako jai batzordeak; egitarau proposamena aurkeztu zuten, babes eta segurtasun neurriak hirugarren faseko baldintzetara egokituz, jaiak ospatu behar ziren datetan normaltasun berrian egongo zirela jakinda ere.

Egitaraua ere ohiko jaien eredutik aldenduta planteatu zuten: besteak beste, mendi martxak, bizikleta martxak, bola jokoak, ipuin kontalariak, aire zabaleko zinema, kontzertu akustikoak edota edozein elkarteetan gaur egun baimenduta dauden bazkariak antolatzen ari ziren.

Baimenik ez

Egitaraua Udalean erregistratu eta gutxira, erantzuna jaso dute: "Jaiak ez dira ospatuko, ez dago baimenik. Osasun eta segurtasun arazoak direla eta, badaezpada ez egitea erabaki du alkateak", azaldu du Adurtzako jai batzordeak, ohar bidez.

Jai batzordea ez dago ados Udalaren erabakiarekin: "Non dago auzokideen osasuna? Garai zail hauetan, jaiak ondo pasatzeko eta lasaitasunez deskonektatzeko aukera paregabea dira, beti ere osasuna bermatuz, batez ere osasun mentala", adierazi dute. Auzoko taberna eta saltoki txikientzat ere "oxigeno ufada ederra" direla azpimarratu dute.

Hurrengo asteburuan hauteskundeak ospatuko direla kritikatu dute: "Argi dago zeintzuk diren beraien lehentasunak". Bitartean, Udala antzeko egitaraua duten ekimen pribatuak baimentzen ari dela salatu dute: "Benetan uste du Urtaranek enpresa pribatu batek auzokideok baino hobeto antolatu ahal dituela ekintzak? Guri beste inori baino gehiago interesatzen zaigu auzoa osasuntsu egotea".

Manifestazio animatua

"Unetxo batez bada ere, gure auzoa kolorez eta alaitasunez betetzea erabaki dugu", iragarri dute. Horretarako, jai herrikoien aldeko manifestazio animatua antolatu dute uztailaren 4an, auzoko jaien egun handirako. 19:30ean abiatuko da Adurtza kaletik, eta Ttek Elektrotxarangak girotuko du.

Auzokideak parte hartzera gonbidatu dituzte, "dantza pixka bat egin eta auzotarren artean une polita bizitzera". 60. urteurrenaren ospakizuna 2021era atzeratu dute, eta "auzoaren laguntza ezinbestekoa" izango dela azaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide