Igande honetan, ekainaren 28an, 51 urte bete dira Stonewalleko istiluak gertatu zirenetik, 1969. urtean. Hilabete honetan ere, ekainaren 10ean, 41 urte bete dira Espainiako polizia nazional batek Francis trabestia tiroz hil zuenetik, Oreretan; bere hilketak LGTBI+ mugimendua bultzatu zuen Euskal Herrian. Urtero bezala, aste honetan mobilizazioak eta bestelako ekintzak antolatu ditu Arabako LGTBI+ mugimenduak.
Sexu eta genero disidentzia antolatzeko beharrak ezaugarritu du Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren mobilizazio nagusia. 12:00etan, ehunka lagun abiatu dira Bilbo plazatik, E28 koordinadorak deitutako manifestazioan. Aurretik, 11:30ean, Bloke Bolleroa atera da Bollerias plaza bezala berrizendatutako Burulleria plazatik.
????️???? #E28 | Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren harira, ehunka lagun bildu dira Gasteizko manifestazioan, sexu eta genero disidentzia aldarrikatzeko. / @E28gasteiz pic.twitter.com/doU2XMdqkr
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 28, 2020
Eredu gay-kapitalistarekin talkan
Arabako LGTBI+ mugimenduak argi dauka zer ospatu eta aldarrikatzen duen, eta zer ez, ekainaren 28an: "Azken urteotan, eredu gay-kapitalistak E28a bereganatzen saiatu da, geure gorputz eta desirak merkatu-hobi bihurtuz", adierazi dute mobilizazioaren amaierako ekitaldian.
"Politika horrek bere arauan sartzen ez diren gorputzak baztertzen ditu. Bizimodu heterosexualaren kalkoa den arau horrek indarkeriaz betetako sistema honetan otzanak nahi gaitu, eta harremanak izateko eredu hegemonikoa zalantzan jartzen duen edozein disidentzia deuseztatzen saiatzen da", salatu dute.
"Eredu gay-kapitalista borrokatik, amorrutik eta desobedientziatik sortutako kolektibo hau asimilatzeko tresna bat" dela deritzote. Gainera, uste dute koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoerak "familia eredu zuri eta nuklear bat" finkatzeko balio izan duela: "Desaskalatzeak berak familia zisheterosexuala izan du ardatz", eta horrekin apurtu nahi dute.
Kritika zorrotzak egin dizkiote deseskalatzearen kudeaketari: "Seme-alabadun familia zuriak lehenetsi dira", eta, gainera, kirola lehenetsi den bitartean, "txortan egitea ukatu eta bizi-errealitateak alboratu" direla uste dute: "Non geratu dira gure eskubide zibil eta politikoak?".
Horrekin batera, pandemia garaian Mozal Legearen erabilera eta poliziaren jarduna gogor salatu egin dute: "Mozal Legea Gizarte Arriskugarritasunaren Legearen itzulera da". Besteak beste, alarma egoeran gauzatutako Talka espazio feministaren desalojoa ere salatu dute: "Desobedientzia gure tresna da, eta kaleen okupazioa gure arma; har ditzagun kaleak, bete ditzagun aldarrikapenez, desiraz eta gorputz ez-normatiboz".
Azkenik, arrazakeriaren aurkako aldarria zabaldu dute: "1969an Stonewallen gertatu bezala, geure kide beltz eta arrazalizatuak sistema arrazista, matxista eta LGTBI+fobiko baten aurka altxatu dira. Haien hiltzaileen aurrean ere ez gara axolagabekeriaz ibiliko, izan ministro, izan polizia, geure kontra edo arrazializatutako kideen aurka joz gero, aurrean izango gaituzue", ohartarazi dute. Ekitaldia Black lives matter oihuarekin amaitu da.