Vital Fundazioa erakusketa-zentroa berriro martxan, bi erakusketa berrirekin

Erredakzioa 2020ko eka. 24a, 18:45
'Duintasuna elikatzen' erakusketa Grezian ateratako argazkien bilduma da. / JOSE YAGÜES

Hiru hilabete baino gehiago itxita egon ondoren, erakusketa-zentroa berrireki du aste honetan Vital Fundazioak. Bi erakusketa estreinatu dira: Vital Arte Lehiaketako irabazleen lanak eta Zaporeak GKEaren Duintasuna elikatzen.

Erakusketa-zentroak 210.000 bisitari inguru hartu ohi ditu urtero, eta 30 bat erakusketa antolatzen ditu; horrek esan nahi du ohiko egoera batean, guztira, mila obra inguru erakusten direla urtean zehar. Posta kaleko erakusketa-zentroak, ordea, aretoak zein ikasgelak itxi, eta taldeak biltzen zituzten era guztietako jarduerak bertan behera utzi behar izan zituen martxoan, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz.

Orain, Vital Fundazioak bi erakusketarekin berrekingo dio jardunari: alde batetik, Vital Arte Lehiaketara aurkeztutako lanen aukeraketa; bestetik, Zaporeak GKEaren Duintasuna elikatzen argazki erakusketa.

Vital Fundazioa erakusketa-zentroak, espazio bakoitzean baimendutako edukieraren %60ko mugrekin ireki ditu ateak; gehienez 210 bisitari hartu ahal izango ditu zentroak aldi berean. Edukiera kontrolatzeko, kameren bidezko erregistro informatikoko sistema berritzailea erabiliko dute. Horrez gain, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, eta erakundeak gel desinfektatzailea jarriko du sarreran.

Bi erakusketak astelehenetik larunbatera bisitatu daitezke, 18:00etatik 20:30era, eta igande zein jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:30era.

Vital Arte Lehiaketa

Astearte honetan, Vital Fundazioak 1.500 euroko lau sari banatu dizkie 2020ko Vital Arte Lehiaketako irabazleei. Lehiaketa horren bidez, Arabako artearen adierazleei ezagutzera emateko aukera eman nahi zaie, pintura, eskultura, argazkigintza eta bestelako tekniken diziplinetan.

Edizio honetan 100 lan aurkeztu dira guztira; berriak, originalak, argitaratu gabeak eta gai zein teknika librekoak. Horietatik 59 pintura kategorian kokatzen dira, 13 eskulturan, 19 argazkigintzan eta beste 9ek beste teknika artistiko batzuen aldeko hautua egin dute.

Santiago Arcediano historialaria eta ondare artistikoko teknikariak, Jose Antonio Fiestras margolariak, Iñigo Arregi eskultoreak eta Rocoo Lopez Arabako Argazkilaritza Elkarteko presidenteak osatutako epaimahaiak aukeratu ditu irabazleak:

  • Eduardo Alsasua: Ruinas de San Francisco. 2020ko apirila olioagatik.

  • Nerea Lekuona: Pandemia 2020 kollageagatik.

  • Jesus Maria Gomez de la Cruz: s/t eskulturagatik.

  • Jennifer Custodio: Range argazkiagatik.

Artista irabazleen eta beste 23 finalistaren lanak hartuko ditu Vital Fundazioa aretoko erakusketak, eta uztailaren 27ra arte egongo da zabalik.

Gainera, eskudiruzko sariaz gain, Vital Fundazioak erakusketa areto bat utziko die saritutako lanen lau egileei, 2021eko programazioan erakusketa bateratu bat egin dezaten.

 

'Duintasuna elikatzen' erakusketa

Bestalde, Zaporeak GKEaren Duintasuna elikatzen erakusketa ere uztailaren 27ra arte ikusgai dago Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan. 2015ean krisi humanitarioa hasi zenetik hainbat profesionalek Grezian ateratako argazkien bilduma da. Aitor Arrutik, Pello Maudok eta Jose Yagüesek egindako argazki-kazetaritza lana nabarmentzen da.

Zaporeak GKEak herrialde heleniarrean egiten du lan, gastronomiaren bidez, Lesbos uhartean errefuxiatuta dauden milaka pertsonek jasaten ari diren geldialdia arintzeko. Greziako hainbat errefuxiatu-gunetatik igaro ondoren, elkarteak Lesbosen ireki zituen bere sukaldeko ateak 2019ko otsailaren 11n. 

Euren lana gertutik ezagutzeko aukera paregabea da erakusketa; izan ere, elkartearen jarduera dokumentatu nahi izan dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide