Ruper Ordorikak berrirekiko du Principal Antzokia uztailaren 17an

Erredakzioa 2020ko eka. 24a, 14:15
Pandemia osteko Principal antzokiaren lehendabiziko kontzertua izango da. / RUPER ORDORIKA

Gasteizko Principal Antzokiaren oihala uztailaren 17an altxatuko da berriro, Ruper Ordorikaren kontzertu batekin. Zortzi ikuskizunek osatuko dute Udalaren Antzoki Sarearen udako programazioa. 

Martxoaren 11n itxi zen Gasteizko aretoa, COVID-19a Arabako hiriburura iritsi zenan. Pandemia dela eta bertan behera geratu zen lehen ikuskizuna izan zen Ruper Ordorikaren kontzertua, eta, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok azaldu duenez, egokitzat jo dute antzokia berarekin irekitzea berriro.

Asteazken honetan egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute Udalaren Antzoki Sarearen udako denboraldia, hiriko antzokien irekiera iragartzeko, eta "kultura berpizteko" asmoarekin. "Lan handia egin dugu egitarau erakargarria prestatzeko eta antzokia espazio guztiz segurua izan dadin", azaldu du Cantok.

Antzokia edukieraren %50arekin irekiko da; hau da, 492 sarrera baino ez dira izango ikuskizunetan. Ikusleen artean eserleku bat utziko da, eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto. / GASTEIZKO UDALA

 

Zortzi ikuskizun

Zortzi ikuskizunek osatuko dute Udalaren Antzoki Sarearen udako programazioa, musika, dantza, antzerkia eta umorea barne. Horietako sei euskal konpainiek eskainiko dituzte:

  • Uztailak 17, ostirala: Ruper Ordorika & Mugalaris (Arkaitz Miner, Fernando Neira Lutxo eta Hasier Oleaga).
  • Uztailak 26, igandea: Euskal Herriko Gazte Orkestrak C. Gounod, Mahler eta Schuberti eskainitako kontzertua emango du, Ruben Gimenoren zuzendaritzapean.
  • Uztailak 30, osteguna: Yllana antzerki taldea, Maestrissimo, Pagagnini II ikuskizun komiko-musikal berriarekin, eta Strad biolinista izarrak lagunduta.
  • Uztailak 31, ostirala: El Mono Habitado konpainia gasteiztarrak Benditas lana antzeztuko du; Begoña Martin Treviño eta Carmen San Esteban dira protagonistak.
  • Abuztuak 4, asteartea: 2019ko Urrezko Zeledonen banaketa. Antzerkiarekin lotura handia duten bi pertsona sarituko dituzte: Pilar Lopez, Teatro Paraisoko kidea, eta Txema Blasco aktorea. Udalaren Musika Bandak girotuko du ekitaldia, Luis Orduñaren zuzendaritzapean.
  • Abuztuak 6, osteguna: Simplicissimus euskarazko kabareta, Tartean konpainiaren eskutik. Patxo Telleria, Olatz Gamboa eta Getari Etxegarai dira antzezleak, eta Jokin Oregi zuzendaria.
  • Abuztuak 8: Rafael Alvarez El Brujo XXI. mendeko juglareak La Luz Oscura lana aurkeztuko du, San Juan de la Cruz mistiko karmeldarraren figuran inspiratutako umorezko bakarrizketa.
  • Irailak 25, ostirala: Mientras llueva lana estreinatuko du Al traste dantza konpainia gasteiztarrak, Ibaiondoko gizarte etxeko Felix Petite antzokian. Zuriñe Benavente eta Ignacio Monterrubio dira protagonistak.

Sarreren salmenta

Uztailaren 1ean, hau da, datorren asteazkenean hasiko da sarreren salmenta, 10:00etatik aurrera. Erosketa online egitea gomendatu du Udalak, eta horrela erosita prezioa merkeagoa izango dela aurreratu du Estibaliz Cantok. Hala ere, aukera gehiago egongo dira, honako ordutegietan:

  • Leihatilan eta telefonoz: uztailaren 1ean, 10:00etatik 13:00etara, eta 18:30etik 20:30era.
  • Internet bidezko salmenta: uztailaren 1ean, 10:00etatik aurrera.
  • Salmenta arrunta: uztailaren 2tik aurrera, Principal Antzokiko leihatilako ohiko ordutegian: asteartetik larunbatera -jai egunetan izan ezik-, 18:30etik 20:30era, ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide