Iruditan

Pandemiak ez du Judimendiko San Juan gaueko sugarra itzali

Erredakzioa 2020ko eka. 24a, 13:00

Osasun krisiaren ondorioz ohiko jaiak ospatu ezin izan dituzten arren, San Juan gauean suaren inguruan bildu dira Judimendiko bizilagunak, joaldunek gidatutako kalejira batean.

San Juan gaueko ekitaldia ohi baino askoz ere jende gutxiagorekin gauzatu da. Auzoko kaleetatik igaro da kalejira, jendearen pilaketak saihesteko, eta albokariek eta zuziak zeramatzaten bizilagunek girotu dute. Ibilbidea 22:00ak inguruan amaitu da Judimendiko parkean, sua piztu ohi den tokian. Bertan, dantzariek suaren inguruan dantzatu dute.

Judimendiko jai batzordeak adierazpen bat irakurri du ekitaldian, Udalak auzoetako jaiekin izandako jarrera kritikatzeko. Beraien ustez, ez da zentzuzkoa kontsumitu eta lan egin ahal izatea, baina jai herrikoiak ezin antolatzea segurtasun neurriak bermatuta ere. Ziurtatu dutenez, Udalak esan zien: "Ezin dituzue jaiak ospatu, erabaki dugulako eta kito".

Ekitaldiaren aurretik, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak egiaztatu dute antolatzaileek beharrezko baimenak zituztela, eta ohartarazi diete sua plazan piztea debekatuta zegoela. Hala ere, kalejira eta ekitaldia arazorik gabe egin ahal izan dira.

 

Amurrioko San Joan sua

COVID-19ak eragindako egoera dela eta, Amurrioko biztanleek ere San Joan gau ezberdina izan dute aurten. Etxetik, baina Otxote Ugarte zein Aiara Dantza Taldearen emanaldiak eta su artifizialak eskaini zituzten zuzeneko streaming emisio baten bitartez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago