Astelehen honetan Cadena SER Vitoria irratian egindako adierazpenetan, Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko alkateordeak aurreratu du Gasteizko jaietan txupinazoa egingo dela, abuztuaren 4an, 18:00etan; baina ez dela Andre Maria Zuriaren plazatik botako.
Txupina jaurtitzeko aukeratutako lekua "sekretua" izango da, pilaketak saihesteko. "Ez dugu nahi jendea Andre Maria Zuriaren plazan elkartzea", azaldu du Etxebarriak, eta txupinazoa gasteiztarrentzat "oso berezia" delako defendatu du hura mantentzea: "Hirian entzutea nahi dugu".
Txupinazoa osasun langileek botako dute.
Omenaldi-ekitaldiak
Halaber, alkateordeak iragarri du jaietan "omenaldi sinbolikoak" egingo zaizkiela hiriko hainbat kolektibo eta pertsona esanguratsuri.
Abuztuaren 4an osasun langileei egingo zaien omenaldiaz gain, hilaren 5ean ekitaldi bat izango da hiriko zaindari Andre Maria Zuriaren inguruan. Abuztuaren 7an, txikiak izango dira protagonista. Eta, azkenik, abuztuaren 8an, nagusiak.