Koronabirusa

Ikasketa-gelak berriro zabalik, eta ludotekak datorren astean irekiko dituzte

Erredakzioa 2020ko eka. 22a, 14:00

El Pilar gizarte etxeko ikasketa gela. / GASTEIZKO UDALA

Astelehenetik ostiralera bitartean zabalik egongo dira Ibaiondo, Pilar, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetako ikasketa-gelak. Ekainaren 29tik aurrera, ludoklubek eta ludotekek jarduerak eskainiko dituzte 3 astez, txandakako sistema bidez.

Gasteizko Udalaren ikasketa-gelak zabalik daude astelehen honetatik aurrera, osasun krisiaren ondorioz itxita egon ondoren. Ibaiondo, Pilar, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetako espazio horietan protokolo bat jarraituko da, erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko.

Astelehenetik ostiralera bitartean irekiko dira gelak, bi txandatan: 08:00etatik 13:30era, eta 15:30etik 21:00etara. Hala ere, ekainaren 26ra arte, arratsaldeko ordutegia 20:30ak arte izango da.

Pertsonen arteko metro eta erdiko gutxieneko distantzia ziurtatzeko, ikasketa-gela bakoitzean edukiera moldatu egingo da: 108 leku Pilarren, 60 Ibaiondon, 47 Salburuan, eta 44 Zabalganean. Ezin da lekurik erreserbatu, eta baten batek zerbait uzten badu txanda amaitzerakoan, bertatik kendu egingo da, hurrengo txandarako lekua libre egon dadin.

Ohiko segurtasun neurriak ezarri dira erabiltzaileentzat: eskuak gel desinfektatzailearekin garbitu beharko dituzte gelara sartu aurretik, eta maskara erabili beharko dute derrigorrez, bertan dauden bitartean. Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, lekurik baldin badago bakarrik sartu ahal izango da geletan.

Gainera, txanda berean beste pertsona batek erabili duen lekua garbitzea leku hori hartu duen pertsonaren ardura izango da. Itxita dauden orduetan, eguerdian eta goizeko lehen orduan, ikasketa-gelak garbitu eta desinfektatu egingo dira.

El Pilar gizarte etxeko ludoteka. / GASTEIZKO UDALA

 

Ludotekak eta ludoklubak

Gasteizko gizarte etxeetako ludoteka eta ludokluben sarea ekainaren 29tik uztailaren 17ra bitartean zabalik egongo da, eta udako jarduerak eskainiko ditu: 168 txanda egongo dira, adinen araberako hiru kategoriatan, 2.172 pertsonari arreta emateko. Jolasaren bidez, txikien mugimendua, adimen emozionala eta sozializazioa sustatzea dute xede.

Aste bakoitzean txanda bakar batean eman ahalko da izena, eta hiru txanda-mota egongo dira:

  • Txiki. 125 txanda 2015-2011 urteetan jaiotakoentzat (4-8 urtekoak), Aldabe, Pilar, Iparralde, Ibaiondo, Arriaga, Lakua, Hegoalde, Ariznabarra, Arana, Salburua eta Zabalganako gizarte etxeetako ludoteketan, 9:30etik 13:15era.
  • Handi. 30 txanda 2010-2007 urteetan jaiotakoentzat (9-12 urte bitartekoak), Ibaiondo, Lakua, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetako ludoklubetan, 9:30etik 13:15era.
  • Familia. 13 txanda 2016-2013 urteetan jaiotakoentzat (3-6 urte bitartekoak), eta adingabe bakoitzeko heldu batentzat. Arriaga, Ibaiondo, Iparralde, Hegoalde, Lakua, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan eskainiko da, arratsaldeko ordutegian, 17:30etik 19:15era.

Harrera eta irteera mailakatuak izango dira, jarduerak hasi eta ordu laurden lehenago, eta jarduera amaitu eta ordu laurden beranduagora arte. Horrekin batera, hainbat neurri hartu dira Covid-19aren kutsadura saihesteko: besteak beste, parte hartzaileen kopurua 12 haurrekoa izango da, tenperatura hartuko zaie eta eskuak garbitu beharko dituzte sarreran.

Ekainaren 23tik 26ra bitartean eman beharko da izena, udalaren webgunean eta 010 telefonoan; baina ezin izango da gizarte etxeetan bertan egin.

Salburuko parkea. / GASTEIZKO UDALA

Salburuko behatokiak

Salburuko parkeko Los Fresnos eta Las Zumas behatokiak asteartean irekiko dira, ekainaren 22an, ohiko ordutegian baina osasun neurriak hartuta, edukierari eta segurtasun distantziari dagokienez. Osasun arloan ezarritako neurriak betetzeko informazioa emango du Udalak Arkautiko aintzirako bi ekipamendu horietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago