Pandemiaren ondorioz, badira ia lau hilabete Oihaneder Euskararen Etxean aurrez aurreko azken jarduera egin zutenetik, martxoaren 4an. Poliki-poliki normaltasun berrira egokitzen hasi dira ekainean, eta, horren ondorioz, hilabeteko egituratik urtaroko programazioa osatu dute oraingoan.
Lau hilabeteko geldialdian, sare sozialak izan dira Oihanederren jardunaren erakusleiho, bereziki, euskal kulturaren inguruan proposatu dituzten lehiaketen bitartez. Aurrez aurreko jarduerak berreskuratuko dituzte ekaina amaieratik aurrera.
Udatea, egarria asetzeko kultur edatea izeneko udako programazioaren proposamenak uda osora begirakoak izango dira. Beste urte batzuetan antolatutako jarduera batzuk berriztu dituzte: Gasteiztarrak Arraun The World, Kortxeak & Krispetak, Irri barra gauak… Gainera, egoera berrira egokitzeko proposamen berriak ere jorratuko dituzte.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina edukiera mugatua mantendu beharko da jarduera guztietan. Hortaz, gonbidapenak aurrez hartu beharko dira Oihanederren webgunean.
Egoeraren arabera Falerina lorategian kontzertuak antolatzeko baldintzak aztertzen ari dira oraindik, eta aurrerago emango dute informazio gehiago.
Kultur Udatea
Sei arlotan sailkatu dituzte hurrengo hiru hilabeteetarako programazioa: lehiaketak, deialdiak, filmak, kontzertuak, antzezlanak eta familia jarduerak.
Arraun the Basque's World
Lehenik eta behin, Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketa klasikoarekin hasiera emango diote programari, ekainaren 20tik aurrera. Lehiaketaren 6. edizioa izango da, baina izena aldatu diote oraingoan: Arraun the Basque's World. Gehienek aurtengo oporrak Euskal Herrian pasako dituztenez, lehiaketa moldatu dute, eta mundu osoko argazkiak jaso beharrean bertako irudiak jaso nahi dituzte.
Batera: kultur proiektuak
2019an abiatutako Batera: kultur proiektuak diru-laguntza deialdia ixteko unea iritsi da. Badira sei hilabete irabazleak euren proiektuak gauzatu ahal izateko lanean hasi zirela, eta ekainaren 30ean aurkeztuko dituzte: bi liburu berezi (Bizimundua eta Tinta eta grafito artean: musak) eta Erroak dokumentalaren trailerra. Aurkezpenean bertan hurrengo deialdiaren datak iragarriko dituzte.
Egin leku!
Gainera, Egin Leku! izeneko deialdi ireki berria martxan jarri dute. Urtean zehar, igande arratsaldetan Falerina tabernan jotzeko plaza eskainiko die Oihanederrek musikari hasi berriei. Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 1ean irekiko da, eta 27ra arte egongo da zabalik, bi egunak barne. Kontzertuak irailean hasiko dira, eta bi hileko maiztasuna izango dute.
Kortxeak & Krispetak
Ikus-entzunezkoei dagokienez, Kortxeak & Krispetak zikloaren edizio berri bat antolatu du Oihanederrek. Uztaileko asteazken guztietan 19:00etan eskainiko dira musikari handiei buruzko dokumentalak. Osasun egoeraren ondorioz, aurten kulturunearen barrualdean egin beharko dira emanaldiak, Ortuño aretoan. Horrez gain, jaialdiari bukaera emateko, kontzertua antolatuko da Falerina lorategian.
Irri-barra
Ostegun iluntzetan, berriz, umorearen unea izango da: Irri-barra gauetako saioekin ilunabarrak irribarrez beteko ditu Oihanederrek, aktore euskaldun eta ezagunen eskutik. Aurten hiru saioz osatutako egitaraua osatu dute, uztailean, abuztuan eta irailan.
Dona-dona katona
Etxeko txikienekin ahaztu gabe, iraileko lehen asteetan, txikienak hazteko eta nagusienak gaztetzeko jolasak eskainiko ditu Txatxilipurdi elkarteak, Dona-dona katona egitarauaren barruan.
Segurtasun baldintzak
Egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak bermatzeko neurriak hartu ditu Oihanederrek jarduera guztiak gauzatu ahal izateko: higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola… Horrekin batera, tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira, jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.