Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna

Araba ere babesleku izan dadin, errefuxiatuen eskubideen alde

Erredakzioa 2020ko eka. 22a, 10:20
200 bat lagun bildu ziren larunbatean Gasteizko elkarretaratzean. / CEAR

Larunbatean, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioak egin dituzte EAEko hiriburuetan. "Izan gaitezen babesleku: harrera, erregularizazioa, eskubideak eta bizikidetza" aldarrikatuz, 200 bat lagun bildu dira Gasteizen.

Errefuxiatuen eskubideen aldeko 30 eragilek baino gehiagok -tartean CEAR eta Ongi Etorri Errefuxiatuak- mobilizazioak egin dituzte larunbat honetan, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta. Osasun krisiaren testuinguruan, azpimarratu dute errefuxiatuen egoera "konplexua" ez dela birusaren ondorio: "Garapen neoliberala, koloniala eta heteropatriarkala nagusi dituen eredu hegemoniko baten ondorioak bizitzen ari gara".

Plazaratutako manifestuan azaldu dute Euskal Herrira 5.000 errefuxiatu inguru iritsi zirela 2019an, eta askoz gehiago direla bidean geratu direnak, "mugen militarizazioaren eta esternalizazioaren ondorioz". Gainera, salatu dute politika horrek pertsonen trafikorako eta salerosketarako sareen esku geratzera behartzen dituela errefuxiatuak.

Hortaz, hainbat aldarrikapen jarri dituzte mahai gainean, aipatutako manifestuaren bitartez:

  • Espainiako zein EAEko politikek jendea sorlekutik ez lekualdatzea, eta haien ondasun naturalak indarrez ez ebastea. Horretarako, erregai fosilak oinarri dituen gure eredua aldatzea eta giza eskubideak zein natura errespetatzen eta babesten direla ziurtatzea "premiazkoa" dela deritzote, baita gerretan Euskal Herrian ekoitzitako edo merkaturatutako armarik ez izatea ere; industria militarra industria zibil bihurtzea proposatu dute.
  • Errefuxiatuak bizia arriskuan jarri gabe Euskal Herrira iritsi ahal izatea. Ildo horretan, lehorreratze seguruko protokolo bat onar dadin eta asilo-prozedura eskuragarri izateko legezko bide seguru gehiago jartzea eskatu dute, besteak beste. Halaber, iristen diren pertsonen legez kanpoko itzularazteak egiteari uztea exijitu dute
  • Errefuxiatuak "baldintza duinetan eta beldurrik gabe" egoteko, eskubideak, zerbitzuak eta baliabide publikoak eskuratu ahal izatea aldarrikatu dute. Halaber, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak (CIES) behin betiko ixtea, erregularizazioko ezohiko neurriak abian jartzea, harrera-sistema malgu eta jasangarria sustatzea "premiazkoa" dela diote.
  • Azkenik, diskurtso arrazisten eta xenofoboen aurka jarrera irmoa eskatu diete politikariei, eta baita bizikidetza zein bakearen kultura sustatu dezatela ere.

"Euskal Herria abegitsua izatea nahi dugu, desberdintasunekiko errespetua erakutsiko duena, egungo gure gizarteak osatzen dituzten pertsonez osatua, edozein dela haien sorlekua, eta eskubide-berdintasuna eta kulturen heterogeneotasuna oinarri izango dituena. Erbeste izan ginen. Izan gaitezen babes", adierazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide