Koronabirusa

Txagorritxu Eguneko Zentroa itxi dute koronabirus kasu bat atzeman dutelako

Erredakzioa 2020ko eka. 22a, 09:11

Txagorritxu Eguneko Zentro Psikogeriatrikoa. / GOOGLE MAPS

Covid-19 kasu positibo bat detektatu ondoren, Txagorritxu Eguneko Zentro Psikogeriatrikoa itxi dute, "badaezpada". Oraingoz, uztailaren 1era arte egongo da itxita.

Mendekotasuna eta dementzia duten adinekoak artatzen dituen Txagorritxu Eguneko Zentro Psikogeriatrikoak ateak itxi ditu behin-behinean, erabiltzaileen artean Covid-19 kasu positibo bat atzeman dutelako.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen arabera (GOFE), zentro horretan kutsatzeko "arrisku txikia" dago; izan ere, erabiltzaile guztiek maskara kirurgikoa erabili dute zentroan dauden bitartean, kutsatutako pertsonak ez du garraio egokitua erabili eta profesionalek segurtasun materialak modu pertzeptiboan erabili dituzte.

Hala ere, instalazioa datozen egunetan ixtea erabaki du GOFEk, "badaezpada" eta erabiltzaileen zaurgarritasuna dela eta, nahiz eta Arabako koronabirusaren egoera epidemiologikoa ona izan.

Uztailaren 1era arte itxita

Hiru hilabetez pandemiaren ondorioz itxita egon ondoren, zentroak hilaren 15ean ekin zion berriro jarduerari; 19 erabiltzaile itzuli ziren, ohiko plazen erdia.

Hurrengo egunean, erabiltzaile bat ospitaleratu zuten, eta iritsi zenean PCR proban negatiboa eman zuen. Halere, larunbat honetan egindako beste proba batek emaitza positiboa eman du.

Hori dela eta, Foru Aldundiaren eguneko zentroaren erabiltzaileak ez dira uztailaren 1era arte itzuliko, positiboa atzeman zenetik hamalau egun igaro ondoren. Gainera, kasu positiboaren kontaktuak aztertuko dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Zaintza Epidemiologikoko Planean ezarritakoaren arabera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago