Normaltasun berriaren atarian, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio eguna deitu du ostiral honetan, eta goizean ekitaldiak egin ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, baita Gasteizen ere.
"Etxean geratu gara eta orain kaleak hartuko ditugu", adierazi dute Karta Sozialaren bozeramaileek, pandemiaren unerik gogorrenen ostean kaleak berreskuratzeko deia luzatuz: "Ezinbestekoa izan da gure etxeetan konfinatzea, guztion osasuna bermatzeko. Orain ezinbestekoa da kalera ateratzea gure eskubideen alde borrokatzeko".
Urtarrilaren 30eko grebaren ildotik, gaurko mobilizazio egunaren aldarrikapen nagusiak zortzi puntutan laburbildu dituzte:
- Zerga erreforma: "Krisia kapitalak ordain dezan".
- Zerbitzu publikoak garatu eta azpikontratak publifikatu.
- Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa.
- Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu.
- Etxebizitza eskubidea.
- 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak.
- 1.200 eurotako gutxieneko soldata eta gehienez 35 ordutako lan-astea.
- Pertsona guztien erregularizazioa.
Osasun krisiaren kolpea
Sektore guztiak kolpatu ditu osasun krisiak, baina Karta Sozialaren arabera, "bereziki zaurgarrienak" kolpatu ditu: "Langile prekarioen kaleratzeak, pertsona migranteen kontrako erasoak, era guztietako indarkeria, emakumeen kontrako biolentziaren areagotzea...".
"Kapitala ez da geldirik egon konfinamenduan zehar, eta ez du aukerarik desaprobetxatu gehien dutenen interesak defendatzeko", salatu dute. Beharrezkoak ez ziren sektoreak irekita mantentzeko ahaleginak edota Foru Aldundien zerga birmoldaketa "erregresiboa" azpimarratu dituzte.
Langileak, ikasleak eta pentsiodunak
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren esanetan, langileak, ikasleak edo pentsiodunak izan dira birusa gelditu dutenak eta gizarte benetan sostengatu dutenak. Zentzu horretan, auzo zein herrietan sortutako zaintza eta elkartasun sareak goraipatu dituzte, "jendearen beharrizanak kapitalaren gainetik" lehenetsi dituztelako.
"Zapalkuntzetan sakontzea erabaki dute, gehiengo sozialaren kontrako politikak mahai gainean jarriz", deitoratu dute, eta krisialditik ateratzeko beste eredu bat aldarrikatu dute: "Langileon eta herritarron interesak jartzea erdigunean, eta, orain, antzemandako beharrak instituzioek zerbitzu publikoen bidez asetu behar duten unea da".
Gainera, "indar kolektibo hori" momentuko erronkei aurre egiteko bideratu behar dela adierazi dute: "Krisiak sistema errotik aldatzeko aukerak ere badira. Goazen horren bila. Ez dugu normaltasunera itzuli nahi, ezta ustezko normaltasun berri batera jauzi egin ere. Ezinbestekoa da aldaketa sozialean oinarritutako eta pertsona guztien duintasuna eta eskubideak lehen lerroan jarriko dituen eredu baterantz urratsak egiten jarraitzea".