Osasun krisialdia dela eta itxita egon ondoren, udal haur eskolak datorren asteazkenetik zabalik egongo dira berriro, baina ez edonorentzat: zerbitzuaz soilik guraso bakarreko familiak baliatu ahal izango dira, edo bi guraso izanik biak lanean ari direnak, lantokian bertan edo telelanean; enpresa-ziurtagiri baten bidez egiaztatu beharko dute.
"Aparteko egoera honetan familiei arnasa hartzea ahalbidetuko die, kontziliaziorako laguntza hori inoiz baino beharrezkoagoa baita", azpimarratu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Segurtasun neurriak
Sareak bost eskola ditu Gasteizen: Haurtzaro (Alde Zaharrean), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana. Denek dituzte 2 eta 3 urte bitarteko umeentzako gelak, eta baita 1 eta 2 urte bitartekoentzakoak, 0 eta 1 urte bitartekoentzako sehaskak eta jantoki-zerbitzua.
Hartuko diren segurtasun neurrien artean, ordu-tarteak ezarriko dira umeak sartu eta irteteko, pilaketarik sor ez dadin. Leku bat egokituko da umeei harrera egiteko, eta erreferentziazko langileek tenperatura neurtuko diete sarreran: 37ºC-tik gora duten umeak ez dute sartzeko aukerarik izango. Umearekin doan pertsonak berekin eraman beharko du ume-kotxea edo aulkia, ezingo baita eskolan utzi.
Umeek ezingo dute objekturik edo jostailurik eraman etxetik. Txupetea behar badute, bakarrik eskolan erabiltzeko izango da, eta bertan utzi beharko dute. Gauza bera etxeko oinetakoekin. Zona komunetan seinaleak jarriko dira zirkulazioa zehazteko.
Adingabeek ez dute maskararik eraman beharko, baina langileek bai, 2 metroko segurtasun-distantzia bermatzerik ez dagoenean. Gainera, zorroztu egingo dira higiene-neurriak.
Eskolako edukiera ohiko gehieneko ratioaren %60ra mugatuko da. Lantalde itxiak ezarriko dira: 4-5 ume hezitzaile bakoitzeko, birusaren hedatzea saihesteko.
Jantokia eta lo-kuluxka
Jantoki-zerbitzua ere modu mailakatuan eta talde itxietan eskainiko da. Bazkarian, umeek bi metroko urruntze soziala gordetzen dutela zainduko dute langileek, haien artean janaririk edo mahai-tresnarik partekatu ez dezaten.
Lo-kuluxka talde itxiari dagokion gelan egingo da posible den kasuetan, koltxoneta, sehaska edo hamaken artean segurtasun-tartea errespetatuz; ume bakoitzari horietako bat esleituko zaio. Sehasken kasuan, nork bere ohe-arropak erabiltzea lehenetsiko da.