Adinekoentzako zentro soziokulturaletako jantokiak berriro martxan

Erredakzioa 2020ko eka. 15a, 11:42

Gaurtik aurrera irekiko dira adinekoentzako bederatzi jantokiak. / GASTEIZKO UDALA

Astelehen honetan berrirekiko dira adinekoentzako zentro soziokulturaletako bederatzi jantokiak. 566 leku eskainiko dira, eta segurtasun zein higiene neurri zorrotzak hartu dituzte, erabiltzaileen osasuna bermatzeko.

"Beste urrats bat da normaltasunerako bide luzean. Adineko asko zeuden horren zain, jantoki-zerbitzuak laguntza handia ematen baitie egunerokoan eta, gainera, erlazionatzeko aukera dute", azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Alarma egoerak zerbitzua ixtera behartu zuen, eta orain berriro martxan jarriko dute. Horretarako, segurtasun-neurriak hartu dituzte, erabiltzaileen osasuna zaindu eta bermatzeko:

  • Bi metroko tartea mahaien artean.
  • Mahai bakoitzeko pertsona bakarra; edo bi, bikotekideak edo elkarrekin bizi diren senideak badira.
  • Sarreran tenperatura hartuko zaie.
  • Eskuak garbitzea derrigorrez.
  • Jantziak eta norberaren gauzak poltsa batean gorde beharko dute, ezingo baitira esekitokiak erabili.
  • Zerbitzua amaitutakoan, jantokia, mahaiak eta bestelakoak garbitu eta desinfektatuko dituzte.

Urruntze sozialeko neurriak aplikatu direnez, leku gutxiago izango dute jantokiek. Hala ere, bi txanda egingo dira jende gehien joaten den jantokietan: Arana, Koroatzea, Herrandarrak, Txagorritxu, San Prudentzio eta Zaramaga. Lehen txanda 13:00etan izango da, eta bigarrena 14:15ean.

Erabiltzaileek zerbitzua hasi baino 15 minutu lehenago egon beharko dute bertan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago