Koronabirusa

Estibalizko Santutegia ekainaren 13an irekiko da berriro

Erredakzioa 2020ko eka. 9a, 10:01

Berriz ere zabalik egongo da Arabako Erromanikoaren Interpretazio Zentroa. / ERDI AROKO ARABA

Azken hilabeteetako etenaldiaren ostean, Estibalizko Santutegia bere ohiko jarduera berreskuratzen joango da ekainaren 13tik aurrera. Erdi Aroko Araba elkarteak ere lurraldean egiten ziren bisitei berrekingo die pixkanaka.

Larunbat honetatik aurrera, eta ekainean zehar, Arabako Erromanikoaren Interpretazio Zentroa larunbatetan irekiko da 17:00etatik 19:00etara, eta igandetan 11:30etik 13:30era. Bisita gidatuak larunbatetan izango dira, 17:30ean -4 euro pertsonako-. Pater tabernak ere lanari berrekingo dio; oraingoz asteburuetan bakarrik, 10:00etatik 18:30era.

Lau aretoek Erdi Aroko estilo artistiko horren berezitasunak eta Arabako Lurralde Historikoan duen presentzia erakusten dituzte, modu antolatuan eta erakusketa-proposamen moderno baten bidez: ikus-entzunezkoak, panelak, maketak, mapa interaktiboak, eta abar.

"Uda honetan bisitatzeko eta gure probintzia hobeto ezagutzeko leku aproposa da, orain hurbileko turismoaren aldeko apustu irmoa egiten ari dela", ziurtatu du elkarteak.

Erdi Aroko Araba

Estibalizko Santutegiaz gain, azken hilabete hauetan eragina izan du Covid-19aren krisiak Erdi Aroko Araba elkartearen jardueran. Programatutako aurrez aurreko jarduera guztiak bertan behera geratu dira; besteak beste, hitzaldiak eta txangoak.

Bitartean, proposamen digitalen eta aisialdi birtualeko proposamenen bidez aurre egin diote ezohiko egoerari. Hala ere, udako hilabeteei begira ahaleginak egingo dituzte pandemia aurreko erritmoa berreskuratzeko, eta pixkanaka lurraldean zehar egiten ziren bisitei berrekingo diete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago