Koronabirusa

Gizarte etxeetako elkartze-aretoak, kafetegiak eta udal liburutegiak aste honetan irekiko dira

Erredakzioa 2020ko eka. 8a, 12:52

Judimendiko gizarte etxeko udal liburutegia. / GASTEIZKO UDALA

Ekainaren 9an irekiko dira 14 gizarte etxeetako elkartze-aretoak eta Pilar, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko kafetegiak, distantzia, edukiera eta higiene neurriak hartuta. Udal liburutegiek, ordea, ekainaren 10ean irekiko dituzte ateak.

Elkartze-aretoak astelehenetik ostiralera irekiko dira, jaiegunetan izan ezik, ohiko ordutegian; Landatxo, Arana, Ariznabarra eta Abetxukuko gizarte etxeetan, ordea, goizez bakarrik irekiko dira.

Prebentzio gisa, edukiera mugatu da, erabiltzaileen arteko distantzia bermatu ahal izateko. Orobat, ibilbide seguruak ezarri dira, sarrera eta irteeretan jendea gurutzatu ez dadin, eta protokolo bat landu da, aretoko langileek erabiltzaileak hartu eta mahaia esleitu diezaieten.

Maskara erabiltzeaz gain, eskuak gel desinfektagarriarekin garbitu beharko dira. Leku guztiak beteta badaude, kanpoaldean itxaron beharko da, lurrean adierazitako distantzia gordez. Gainera, altzariak ezingo dira lekuz mugitu, eta desinfektatu egingo dira erabili ondoren.

14 urtetik beherakoek heldu batek lagundurik joan beharko dute, eta higiene protokolo bat ezarri da jolas materialak entregatu, erabili eta itzultzeko. Mahaietan baino ezingo da jolastu, eta haurrentzako txokoak kendu egingo dira. Familientzako kitak prestatuko dira horiekin aritzeko, eta erabili ondoren desinfektatu egingo dira.

Orobat, ez da paperezko prentsarik izango, baina lehen astetik aurrera prebentzio neurriei egokitutako jarduera programa bat aurkeztuko da.

Kafetegiak

Astelehenetik ostiralera irekiko dira kafetegiak, ohiko ordutegian eta jaiegunetan izan ezik. Elkartze-aretoen antzeko prebentzio neurriak hartu dituzte: edukiera gutxitu da, distantzia gordetzea bermatu ahal izateko; ibilbide seguruak ezarri dira, sarrera eta irteeretan jendea gurutzatu ez dadin; maskara erabili beharko da sartzeko, eta eskuak gel desinfektagarriz garbitu.

Horrez gain, kontsumizioa barran eskatu eta ordaindu beharko da. Ondoren, bezeroari mahai bat esleituko zaio, eta kafetegiko zerbitzariek eramango diete. Erabili eta gero, altzariak desinfektatu egingo dituzte.

Egoera aldatu ahala prebentzio neurriak egokituz joango dira.

Estibaliz Canto zinegotziak kultur deskonfinamendurako plana aurkeztu du. / GASTEIZKO UDALA

 

Udal liburutegiak

Bestalde, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok Gasteizko kulturarako deskonfinamendu-plana aurkeztu du astelehenean. Iragarri duenez, hiriko gizarte etxeetako liburutegiek ekainaren 10ean irekiko dituzte berriro ateak Covid-19aren osasun krisialdiak ekarritako geldialdiaren ondoren.

Asteazkenetik aurrera ekingo diote berriro mailegu zerbitzuari, ohiko ordutegian baina astelehenetik ostiralera bakarrik, gizarte etxeak itxita egongo baitira asteburuetan. Liburutegira joan aurretik eskatu beharko da mailegua, internetez (Liburutegien Sarearen katalogoa edo Liburubila erabiliz) edo telefonoz, astelehenetik ostiralera 10:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20:00etara:

  • Helduentzako funtsa: 945 16 16 16; luzapenak: 4943 eta 3741.
  • Haur eta familientzako funtsa: 945 16 16 16; luzapena: 4944.

Gehienez ere hiru dokumentu (liburuak, CDak edo DVDak) eskatu ahalko dira, 21 egunerako. Liburutegitik jarriko dira harremanetan erabiltzailearekin, eskatutako dokumentuak jaso ditzakeela baieztatzeko.

Kultur deskonfinamendua

Horrez gain, joan den astelehenean Pilar Arostegi udal artxiboa ireki zen berriro. Asteartean, berriz, Montehermoso kulturunea zabalduko da, eta pandemia hirira iritsi zenean itxi behar izan ziren hiru erakusketak ikusi ahalko dira bertan: Exodoa, hondakinak aterpe; The sky is inside; eta  Felices.

Gainera, kulturarako dirulaguntzen 200.000 euroko deialdia osorik mantendu dela azpimarratu du Cantok. Kultur hitzarmenak ere osorik mantendu dira, jarduerak egokituta.

Azkenik, astelehen honetan hasi da ikasle berriek aurretiaz izena emateko epea Luis Aranburu musika eskolan. Eskaera handia du eskolak, eta ekainaren 18ra arte eman ahalko da izena 2020-2021 ikasturtean sartzeko. Jose Uruñuela dantza kontserbatorioak izena emateko epea ireki du gaur ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago