Etxeratek "desadostasun osoa" agertu du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiarekin

Erredakzioa 2020ko mai. 29a, 10:23
Udalbatza osatzen duten talde politiko gehienek hurbildu ziren Etxeraten ekimenera. / ETXERAT

2017ko urriaren 16tik 22ra ospatutako jardunaldiak antolatzeko Etxerati emandako diru laguntza bat itzultzea eskatuko duela iragarri du aste honetan Gasteizko Udalak. "Baldintza eta oinarri guztiak" bete zirela azpimarratu du Etxerat elkarteak.

Euskal presoen senide eta lagunen elkarteak azaldu du "hainbat komunikabideren bidez" izan duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren berri. Epaiak Gasteizko Udalari eskatzen dio 2017 dirulaguntza baten zenbatekoa erreklamatzeko Etxerat elkarteari, eta baita Sare Herritarrari ere.

Etxeratek bizikidetza, aniztasuna, giza eskubideen babesa eta memoria historikoa sustatzeko jarduera eta proiektuak garatzeko deialdiaren bidez eskatu zuen diru laguntza, 2017ko urriaren 16tik 22ra Dispertsioa argira ekarriz izenburuko jardunaldiak antolatzeko, Gasteizko Probintzia plazako karpa batean, doako sarbidearekin: "Espetxe politika garaikidearen dispertsio politikak preso eta senideengan eragindako kalte eta ondorioengan jarri nahi izan genuen fokua".

"Gardentasuna eta pluraltasuna"

Elkarteak ohar batean azaldu duenez, Gasteizko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak "begi onez" jo zuen aurkezturiko proiektua, aurrez eskatutako "baldintza eta oinarri guztiak" betetzen zirelako. Gainera, ondoren ordainagiri eta gainerako zuriketa dokumentuak zehaztutako epean aurkeztu zituela, eta Udalaren oniritzia jaso zuela ziurtatu du Etxeratek.

Gainera, EAEko zein Nafarroako erakunde ugarik gaiaren inguruan iritzia eman dutela gogorarazi dute, baita Europear parlamentari eta giza eskubideen arloko erakundeak ere: "Jardunaldietan guzti horien hitzak balioan jartzea izan genuen helburu", azaldu du Etxeratek. Eta gaineratu du helburuak bat egiten duela Eusko Legebiltzarrak zein Nafarroako Parlamentuak sinatutako adierazpen instituzionalekin.

Eragile politiko, sindikal eta sozialak gerturatu ziren karpara, eta ekimenaren "gardentasuna eta pluraltasuna" azpimarratu du Etxeratek. Halaber, ekimenaren antolakuntzak hiriko udalbatza osatzen duten talde politiko guztiei luzatu zien gonbita: "Ia gehiengo osoa gerturatu ziren", gogoratu du elkarteak.

"Desadostasun osoa"

Etxerat elkarteak "desadostasun osoa" adierazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabilitako argudioekin. Izan ere, epaiak "neurri alderdikoi" gisa definitu du dirulaguntzaren ordainketa: "Sortze-xede, gauzatze eta parte-hartzeari dagokienez, ekimenaren aniztasunak guztiz kontrakoa irudikatu zuen", gogorarazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide