Sarek arbuiatu du diru laguntza bat itzultzera behartu duen epaia

Erredakzioa 2020ko mai. 28a, 16:20
2017ko jardunaldien aurkezpenaren artxiboko irudia. / SARE

2017an bakeari eta bizikidetzari buruzko jardunaldiak antolatzeko Sare Herritarrak jasotako diru-laguntza bat erreklama diezaiola eskatu dio epai batek Gasteizko Udalari. "Iraganeko garaietara garamatzan" erabaki judiziala dela salatu du Sarek.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak Gasteizko Udalari agindu dio duela 3 urte emandako diru laguntza bat itzultzeko eska diezaiela Etxerat eta Sare elkarteei.

Udalak 5.000 euroko diru laguntza eman zion 2017an elkarte bakoitzari, urte horretarako Bizikidetza eta Aniztasuna zerbitzuaren laguntzen deialdi ofizialaren barruan.

Sare Herritarrak ostegunean plazaratu du epaiaren gaineko irakurketa, eta epai PPren orduko Gobernu Ordezkariak aurkeztutako salaketaren ondorioa dela gogorarazi du. "Iraganekoak diren eta gainditutzat jotzen genituen garaietara garamatzan erabaki judiziala" dela salatu du Sarek.

Epaiak "jarduera alderdikoitzat" jo ditu bi elkarteen proiektuak eta helburuak, eta zehazten du administrazioak ez lukeela horrelako proiekturik babestu behar. Hain zuzen, bakeari, bizikidetzari eta espetxe-politikari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituen Sarek 2017an diru laguntza horrekin.

Konferentzian, besteak beste, Luis Rodriguez Aizpeola El Pais egunkariko kazetariak, Edurne Portelak eta Laura Mintegik parte hartu zutela azpimarratu, eta justifikazio horrek "prebarikazio zantzu argiak" dituela uste du Sare Herritarrak. Gainera, "bidegabekeria hutsa" bezala definitu du.

"Sarek ez du inoiz erakundeen diru-laguntzarik jaso egiturari eusteko. Jardunaldi zehatz batzuk baino ez dira diruz lagundu, eta ideologia anitz duten pertsonek parte hartu izan dute horietan", azaldu du elkarteak.

"Ildo politikoak epaietan"

"Euskal jendartearen gehiengo zabalak bizikidetzarantz eta giza eskubide guztiekiko errespeturantz urratsak ematen dituen bitartean, badira arlo judizialetik helburu horiek lortzea oztopatzen saiatzen direnak oraindik ere", salatu dute.

Horregatik, "esparru judizialetik beren fobiak eta ildo politikoak epaietan islatzen jarraitzen dutenei, beren togak uzteko eta politikan aritzeko" eskatu die Sarek.

Halaber, "bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen helburuak" defendatzen jarraitzeko borondate irmoa azaldu dute, jarrera eta erabaki "arbuiagarriak" gorabehera. Eta maiatzaren 29tik aurrera, Izan Bidea-Ibiltarien Sarea dinamikari ekingo dio Sarek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide