Zinemak eta memoriak bat egin dute 'Zirelako' film laburren zikloan

Erredakzioa 2020ko mai. 28a, 17:58
Martxoaren 28an eta 29an online egingo da 'Zirelako' zinema zikloa. / ZINHEZBA

Dagoeneko martxan da Zirelako Memoriei eta Giza Eskubideei buruzko film laburren online erakusketa. Lan guztiak maiatzaren 28an eta 29an egongo dira ikusgai, 24 orduz.

Aukeratutako lanak maiatzaren 28an eta 29an egongo dira ikusgai, Zirelako egitasmoaren webgunean. "Eztabaida eta ikuspegi kritikoa sustatzea" du helburu film laburren ziklo honek.

Ikus-entzunezko istorio laburren bidez, fikzio, dokumental eta animazioek giza eskubideen eta memoria historikoaren inguruko gaiak hainbat ikuspegitatik jorratuko dituzte.

Martxoaren 31n, errepresio frankistaren biktima diren gasteiztarrei errekonozimendua emateko egunaren testuinguruan, martxoaren 25ean eta 26an ospatzekoa zen erakustaldia; alarma egoera dela eta, atzeratu behar egin zuten, eta, azkenik, internet bidez jarraitu ahal izateko egokitu dute.

Bi kategoria, sei lan eta aukeraketa berezia

Alde batetik, Giza Eskubideen eta zinemaren esparruko aditu gisa, Rosabel Argote Veak (CEAR-Euskadi), Nerea Martinez Aranburuzabalak (Martxoak 3 elkartea) eta Fernando Lopez Castillok osatzen dute epaimahaia Zirelako Aukeraketa kategorian; kategoria irekian aurkeztutako 39 lanen artean sei aukeratu dituzte.

Bestalde, Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuarekin elkarlanean erakusketa antolatzeaz arduratzen den Zinhezba erakundeak berak egindako 10 filmen aukeraketa berezia aurkeztuko du: Irudiak memorian.

Filmak jatorrizko bertsioan egongo dira ikusgai, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin, eta hitzaldi-solasaldia elebiduna izango da; parte-hartzaile bakoitzak bi hizkuntzetako edozeinetan hitz egiteko aukera izango du.

Publikoaren saria

Azkenik, ikusentzuleek publikoaren saria aukeratu ahal izango dute webgunean, bozkatzeko galdetegi baten bitartez. Lan irabazleak Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren aitorpena jasoko du, eta hura zabaltzeko konpromisoa.

Solasaldia

Gainera, ostiralean, maiatzaren 29an, 19:00etan, film laburren zuzendari eta protagonista batzuekin solasaldi telematikoa izango da:

  • Esti Urresola (zuzendaria): Izur.
  • Maider Fernandez (zuzendaria): Amor siempre eta Gure hormek.
  • Eduardo Vieitez (zuzendaria): Mama.
  • Gerard Vidal Cortes (zuzendaria): Tahrib.
  • Alfonso Moral (zuzendaria), Vitalina Diaz Cuj (protagonista eta Maia liderra, AMLUDIko presidentea) eta Raquel Sedano (Nazioarteko Elkartasuna elkarteko ordezkaria Guatemalan): Reye'b'al.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide