GEU, bide berriak arakatzen

Anakoz Amenabar 2020ko mai. 28a, 09:05

Mintzalagunen saioak, online. / GEU elkartea

Azken hilabeteetan erakundeek euskara "alboratuta" utzi izana salatu dute elkartetik, eta joera hori hurrengo hilabeteetan etorriko diren murrizketetan ere ez ote den islatuko kezka agertu dute.

Azken hilabeteak ez dira etena izan GEU elkartearentzat; aurretik antolatuta zituzten hainbat egitasmo mundu digitalera bideratu dituzte, eta bide berrien bila beste pauso batzuk ere eman ditu Gasteizko euskara elkarteak. Tarte honek, gainera, hausnarketarako eta hainbat gai mahai gainean jartzeko ere balio izan du: euskararekiko jarrera orokortuari kezkaz begiratzen diote, eta atzetik datorren krisi ekonomikoa ardura nagusia dute egun.

Konfinamenduak iraun bitartean, erakundeetatik egin den euskararen erabilera "eskasa" nabarmendu du elkarteko koordinatzaile Azaitz Unanuek: "Aurretik lehentasuna ez bazen, are gutxiago gaur. Euskara bigarren mailakoa da agertzen denean, eta zenbaitetan agertu ere ez da egiten". Erakundeetatik egiten diren deialdi eta agerraldietan erdara nagusi dela dio, "eta horrek larritu egiten gaitu, erakundeek euskarari benetan nolako garrantzia ematen dioten erakusten duelako".

Euskararekiko jarrera hori, halaber, krisi ekonomikoarekin "larriagotuko" ez ote den kezka du Unanuek. "Alegia, lehen gutxi bazegoen, orain gutxiago izatea euskararentzat". GEU elkartera ere murrizketak ezinbestean helduko direla uste du, erakundeek hala jakinarazi dutelako, eta ondorioz hainbat programa bertan behera utzi beharko dituzte. Besteak beste, arduratuta daude Euskaraldia aurrera eramateko Udalarekin aurreikusitako kontratua sinatu gabe dagoelako. "Beraz, gaur gaurkoz, ez dakigu Udalak Euskaraldiaren dinamizazio, formazio eta komunikaziorako aurreikusitako kontratua gauzatuko den. Eta honek kolokan jartzen du Euskaraldia Gasteizen".

Jaietako protagonistak

Aurrera begirako jarduerekin zer gertatuko den argitu bitartean, tartean Gasteizko jaietan GEUk egin ohi duen programaren inguruko erabakiak hartu aurretik, bestelako jarduerekin jarraitzen du elkarteak. Hain zuzen, hiriburuko jaiak protagonista izango dituen elkarrizketak antolatu dituzte Instagramen ekainaren 3an, 4an eta 5ean; Gorka Ortiz de Urbina Zeledon, Txosna Batzordeko Jon Ander Resa eta Blusa eta Neska komisioko Maite Rey izango dira hizlari, hurrenez hurren, 16:30etik aurrera. "Aisialdiaren inguruko beste elkarrizketa sorta bat antolatu genuen aurretik, eta erantzun ona ikusirik Gasteizko jaien inguruko hausnarketa hau egitera animatu ginen", azaldu du Unanuek.

Haurrentzako tartea ere izango dute egun hauetan. Txokolatezko bizkotxo bat egiten ikasiko dute ostegunean, maiatzaren 28an, eta koloretako gatz potea 29an. Instagramen jarraitu ahal izango dira hauek ere, 17:00etatik aurrera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago