Eusko Jaurlaritza zigortuta, etxegabetze batean Mozal Legea aplikatzeagatik

Erredakzioa 2020ko mai. 27a, 11:44

Anastasia eta bere seme-alaben etxegabetzea 2016ko irailean egin zen. / HALA BEDI

Epaitegiak kostuak ordaintzera zigortu du Eusko Jaurlaritza, eta amaiera eman dio Kaleratzeak Stop taldeko sei kideen aurkako prozesuari. 2016ko irailean Mozal Legea aplikatu zien Ertzaintzak, etxegabetze baten aurka protesta egiteagatik.

Duela lau urte, 2016ko irailean, Alokabidek Anastasia eta haren bi seme-alaba adingabeak Zabalgana auzoko alokairu sozialeko etxebizitza publiko batetik bota zituen. "Garai hartan, Udal Gobernuak banketxeek baino etxegabetze gehiago egiten zituen Gasteizen, eta EAJk zein PPk Etxebizitza Legearen aurka bozkatu zuten", gogoratu du kaleratzeen aurkako plataformak.

Kaleratzeak Stop Anastasia eta bere familiaren etxegabetzeen aurka agertu zen, eta protesta egin zuen etxeko atarian: "Bidegabea eta nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa zen, azken honek nahitaezko etxegabetzeak debekatzen dituelako bizitoki-alternatibarik ez badago".

Sei ekintzaileren aurkako zigorra

Urtebete geroago, Eusko Jaurlaritzak 3.612 euroko isuna ezarri zien Kaleratzeak Stop plataformako sei ekintzaileri, Ertzaintzak "autoritatea oztopatzea" leporatuta, segizio judizialari etxebizitzan sartzea galarazteagatik.

Plataformak "salaketa faltsua" egitea eta "neurriz kanpoko zigorra" ezartzea leporatu dio Ertzaintzari. Era berean, zigorra Ertzaintzak berak ezarri zuela kritikatu dute, "epaile eta alderdi gisa".

Epai irmoa

Orain, ebazpen judizial batek, irmoa eta errekurritu ezin dena, "ziurtasun osoz eta egiantzekotasunez" frogatutzat jo du Kaleratzeak Stop plataformako azken zigortua ez zegoela atariko ate aurrean edo gertu, ez ziola uko egin agintaritza judizialaren sarrerari, eta poliziek ez zutela erditik kendu behar izan.

Beste bost kasuak artxibatu egin zituzten jada, Segurtasun Sailaren irregulartasun administratiboengatik. "Zentzuzkoa litzateke orain Eusko Jaurlaritzak espedientea irekitzea salaketa jarri zuten ertzainei", eskatu dute plataformako kideek; "gezurrak zergatik esan zituzten eta salaketan bultzada politikoa izan ote zen ezagutzeko".

Horrela, Kaleratzeak Stop elkartearen arabera, epaiak "amaiera ematen dio bidegabekeriari eta arbitrariotasunari".

Ertzaintza Kaleratzeak Stop plataformako sei ekintzaile zigortzen saiatu zen. / KALERATZEAK STOP

 

Mozal Legea agerian

Kaleratzeak Stop plataformaren arabera, Administrazioarekiko auzien 2. zenbakiko Epaitegiaren epaiak erakutsi du Herritarren Segurtasunerako Legeak "gehiegikeria eta arbitrariotasuna errazten" dituela, eta "protesta erreprimitu" egiten duela.

Halaber, Mozal Legearekin "salatuak errugabea dela frogatu behar" duela kritikatu dute, poliziaren bertsioari egiazkotasun-presuntzioa ematen zaiolako; horrela, "abusua eta arbitrariotasuna" ahalbidetzen dela diote.

Kaleratzeak Stop plataformaren arabera, Mozal Legea "etxegabetzeen, ustelkeriaren, zerbitzu publikoen pribatizazioen eta mota guztietako gehiegikerien aurkako borrokari botere ekonomiko eta politikoak emandako erantzuna izan da".

"Oinarrizko eskubideak murrizten, protestarako eskubide zilegia kriminalizatzen eta erreprimitzen" duen legea dela diote, eta, hori guztia dela eta, Mozal Legea "lehenbailehen" indargabetzea "gaur inoiz baino beharrezkoagoa" dela aldarrikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago