Olarizuko parkeko sarrera-zentroa sortzeko obra esleitu da

Erredakzioa 2020ko mai. 25a, 12:48
Olarizuko parkeko sarrera-zentroa sortuko dute datozen asteetan. / GASTEIZKO UDALA

Iragan ostiralean, Olarizuko parkeko sarrera eta informazio-zentroa sortzeko kontratua esleitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Campezo enpresak 373.084,27 euroan egingo ditu lanak, 20 asteko epean.

Obraren lizitazio aurrekontua 397.193 eurokoa zen, baina azkenean %6ko jaitsiera eskaini du Campezo enpresak, eta 373.084,27 euroan egingo du obra. Lanak gauzatzeko epea 20 astekoa izango da; hau da, bost hilabete ingurukoa.

Jose Mardones kalean Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) ibilgailu elektrikoaren mugikortasun zentroa izandako informazio-bulegoa desmuntatzeko, lekuz aldatzeko eta berreraikitzeko lanak izango dira, gaur egun ez baita erabiltzen.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok azaldu duenez, sarrerako atea izango da harrera-bulegoa, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko lekua. Era berean, etorkizuneko parkeko jarduera ludikoak kudeatzeko eta bizikletak alokatzeko gunea izango da, eta erakustareto txiki bat egongo da bertan.

Hirigintza-aldaketak

Olarizuko parkera sartzeko zentroaren instalazioak hirigintza-aldaketak eskatuko ditu inguru hartan. Besteak beste, Olarizu hiribidearen amaieran kale-muturra inguratzen duen espaloia zabaldu egingo da, eta plaza txiki bat sortuko da, eraikinari zerbitzu emateko eta etorkizunean bestelako erabilera batzuk emateko.

Inguruko argiztapena ere aldatuko da: gaur dauden farolak kendu egingo dira, horien ordez zutoin eta proiektoreak ipintzeko.

Hegoaldeko muturrean instalatuko da harrera-zentroa, eta bertan horma bat paratuko da; aldi berean, horma hori esertzeko banku bat izango du, eta Olarizuko lorategi botanikoko sarrera iragartzeko letra eskultorikoen oinarria izango da. Horma zein letrak altzairuzkoak izango dira.

EEEren ibilgailu elektrikoaren mugikortasun zentroa Jose Mardones kalean. / EEE

 

Informazioa eta aisialdi-jarduerak

Harrera-zentroak 200 metro koadro inguru izango ditu, eta oinezkoentzako bi sarbide. Olarizuko lorategi botanikoaren inguruko informazioa eta laguntza zerbitzua eskainiko ditu, eta aisialdi-jarduera osagarriak egiteko lekua izango da: hala nola, landare-labirintoa, tirolina, anfiteatroa edota izadi-jolasak. Halaber, bizikletak alokatzeko lekua ere izango da.

Covid-19ak eragindako egoera dela eta, zentroa sortzeko lanetako batzuk -anfiteatro berdea, adibidez- gelditu behar izan dira, baina datozen asteetan ekingo zaie berriro.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide