Udal liburutegietan mailegatutako liburuak ekainaren 5era arte itzuli ahal izango dira

Erredakzioa 2020ko mai. 25a, 11:57
Judimendiko gizarte etxeko udal liburutegia. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalaren Liburutegi Sareak maileguak jasotzeko zerbitzuari berrekin dio. Maileguak ekainaren 5a baino lehen itzuli beharko dira gizarte etxeetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

8.554 pertsonak alarma egoera hasi aurretik hartutako materiala dute une honetan; guztira, 20.372 funts. Udalaren Liburutegi Sareak maileguak jasotzeko zerbitzua berrabiarazi du gaur, eta liburutegiko liburuak, CDak edo filmak dituzten lagunek ekainaren 5era arte izango dute horiek itzultzeko epea.

"Ez da isunik egongo adierazitako epean utzitako materialentzat", argitu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. Mailegu kopurua handia denez, itzulketa egiteko aldez aurreko hitzordua hartu beharko da, jende-pilaketak saihesteko, eta prozesua segurtasun berme osoz egingo dela bermatzeko.

Materialak maileguan hartu ziren gizarte etxe berean itzuli behar dira, eta hitzordua udalaren webgunean edo 945 16 16 18 telefono zenbakian. Gizarte etxeak itxita daude oraingoz, baina bakoitzak gune bat egokituko du, sarreratik gertu, zerbitzua eskaintzeko.

15 eguneko berrogeialdia

Itzulitako dokumentuak berrogeialdian egongo dira 15 egunez. Epe hori igarota, bere ohiko tokira itzuliko dira, eta, orduan, berriro agertuko dira eskuragarri katalogoan.

Horrez gain, Udalaren Liburutegi Sarearen zerbitzuak "modu mailakatuan" berreskuratuko dira, "egoera administratibok aukera ematen duenean".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide