Gasteizko haur eskolen matrikulazioa maiatzaren 28an hasiko da

Erredakzioa 2020ko mai. 22a, 11:49

Haurtzaro haur eskola, Gasteizko Alde Zaharrean. / ALEA

Maiatzaren 28tik aurrera, internet bidez edo herritarrei laguntzeko bulegoetan egin ahal izango da izapidea, hitzordua aldez aurretik hartuta.

Maiatzaren 28an hasiko da 2020-2021 ikasturterako matrikulazio-epea Gasteizko haur eskola publikoetan.

Orotara, 25 eskolak osatzen dute sarea, eta 1.433 plaza eskaintzen dituzte. 0-3 urte bitarteko haurrak hartzen dituzten horietako bost Gasteizko Udalak kudeatzen ditu; gainerakoak Haurreskolak Partzuergoak kudeatzen ditu, eta 0-2 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua eskaintzen dute.

Gasteizko Udala Partzuergoarekin elkarlanean ari dela azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, "leihatila bakarreko zerbitzua" eskaintzeko helburuarekin. Hortaz, matrikulazio-prozesua bakarra izango da.

2018an, 2019an eta 2020ko maiatzaren 20ra arte jaiotako haurrak matrikulatu ahal izango dira, eta epea ekainaren 8ra arte luzatuko da, maiatzaren 28tik hasita.

Covid-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, eskabideak internetez aurkezteko aukera ireki da lehenengo aldiz, udalaren webgunean. Baina izapidea aurrez aurre ere egin ahal izango da, gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan, eta aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Bestalde, 2020ko maiatzaren 18tik aurrera jaiotako umeen eskabideak behin betiko zerrendak argitaratu ondoren hasiko dira kudeatzen, eskolaratzea urritik aurrera hasi ahal izateko.

Hezkuntza premia bereziak dituzten umeei dagokienez, eskabideak eta agiriak Frai Zacarias Martinez kaleko 3. zenbakian, Udaleko Hezkuntza Zerbitzuan, aurkeztu beharko dira, 8:30etik 14:00etara; familiei informazioa eta orientazioa emango zaie. Kasu honetan, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da ere

Epeak

Hauek dira 2020ko irailean eskolan hasteko matrikulazio-prozesu arruntaren epeak:

  • Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea: maiatzaren 28tik ekainaren 8ra.
  • Behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak: ekainaren 25ean argitaratuko dira.
  • Erreklamazioak aurkezteko epea: ekainaren 25etik 28ra.
  • Behin betiko zerrendak: uztailaren 9an argitaratuko dira.

Argibide gehiago nahi izanez gero, harremanetarako bitartekoak martxan jarri ditu Hezkuntza Zerbitzuak: hezkuntza@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoa, 945 16 12 30 telefono zenbakia, eta atal berezia Udalaren webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago