Koronabirusa

"Ziur denon artean gai garela egoerari irtenbidea aurkitzeko"

Mirian Biteri 2020ko mai. 22a, 08:00

Egibideko zuzendari nagusi Natxo Egizabal. EGIBIDE

Amaitzear dagoen ikasturteaz baino, irailean datorrenarekin dago kezkatuta Egibideko zuzendari nagusi Natxo Egizabal.

Datorren astelehenean, maiatzak 25, aurrez aurreko eskoletara itzultzen hasiko dira ikasleak; tartean, Kristau Eskola ikastetxeen sare barruan dagoen Gasteizko Egibidekoak daude. Bertako zuzendari nagusi Natxo Egizabalek amaitzear dagoen ikasturteaz nahiz irailetik aurrerako funtzionamenduaz zabal hitz egin du.

Hasiera batean, maiatzaren 18a jarri zuen Jaurlaritzak eskoletara itzultzeko data. Gero, "eragozpen juridikoak" argudiatuz, astebete atzeratu zuen itzulera. Zelan ikusten duzu data dantza hau?

Maiatzaren 18a proposatu zenean, Kristau Eskolak iragarri zuen, segurtasuna zela eta, itzulera data horretan egitea ez zela posible aproposak diren protokoloak garatzeko denborarik ez zegoelako. Maiatzaren 25era atzeratzeko erabakiarekin denbora apur bat gehiago dugu nahi duguna egiteko; gure ikasleei ahalik eta zerbitzu onena ematea da, hain zuzen ere, nahi duguna. Gustatuko litzaigukeen itzulerari buruzko gai zehatzen gaineko erabakiak hartzerakoan eragile ezberdinen arteko hartu-emana zabalagoa izatea, baina horretan gaude.

Egun, gure kezka eta ardura nagusia da astelehenera ikasleentzako jarraibide argiekin iristea. 

Plan zehatzik baduzue dagoeneko?

Koronabirusaren harira, apirilean kontingentzia-plan bat landu genuen, indarrean dagoena ikastetxeak maiatzaren hasieran langileentzat zabaldu genituenetik. Baina plan hori irakasleentzat eta bestelako langileentzat bakarrik dago pentsatuta. Ikasleen itzulerak beste errealitate batera eramaten gaitu, eta egunotan egiten ari garena kontingentzia-plan hori indartzea da, segurtasun neurri berriekin. 

Behin baino gehiagotan entzun izan dut asteotan ikasturtea amaitzear dagoela, eta hortaz, ez duela merezi aurrez aurreko eskoletara itzultzea. Zer iritzi duzu horren aurrean?

Gure ustetan, aurrez aurrekoa ez da online hezkuntzarekin ordezkatzen. Azken hilabeteotan egin duguna larrialdiko irtenbide bat izan da; uste dugu aurrez aurreko lana eta Internet bidezkoa ez dela berdina, eta beraz, gure nahia da ikasleak ikasgeletara itzultzea. Baina, egia da maiatzaren erdialdean gaudela, eta Lanbide Heziketako lehen kurtsoetan izan ezik, ostiralean talde guztietan hirugarren ebaluazioa amaitzen dela. Beraz, ulertzen dugu ikasle guztien itzulera masiboak ez duela zentzu askorik. Horregatik, Kristau Eskolatik, itzulera selektiboa proposatu dugu hasieratik.

Zer ikasle sartzen dira itzulera selektibo horretan?

Esaterako, Lanbide Heziketako lehen mailakoen kasuan, tailer edo laborategiko 130 ordu inguru galdu dituztenak; eta datozen bi asteotan, 25 eta 30 ordu artean berreskuratu ahal izango dituztenak. Ezin izango dugu galdu den guztia arindu, baina zerbait bai; talde horietan zentzua du aurrez aurreko itzulerak. Bestetik, Batxillergoko bigarren mailakoei begira, borondatezko proposamen bat dugu esku artean: ikasturtea gainditu ahal izateko ohiko azterketak dituztenenei eta selektibitatea prestatzen ari direnenei errefortzu-eskolak eskaintzea.

Jaurlaritzak proposatu dituen beste bi kurtsoekin, Batxillergoko lehen maila eta DBHko laugarren mailakoekin zalantza asko dugu. 

Familiekin harremanetan al zaudete? Hala bada, zer diote horren gainean?

Modu orokorrean gaude kontaktuan; pasa den astean jakinarazi genien gure asmoen berri eta denetarik dago, egoera ezberdinak daudelako. Oraingoz, behintzat, ez dugu igarri kezka askorik; hasieratik gugan konfiantza erakutsi dute familiek.  

Aurtengo ikasturtea amaitu gabe, hasi zarete datorren urtekoan pentsatzen?

Konplikatua da. Amaitzear dagoen ikasturtearekin lanpetuta gaude, kezkatuta baino; eta datorrenarekin, alderantziz. Baliabide eta esfortzu asko gastatzen ari gara egun gutxi batzuetarako itzulera selektiboa prestatzen, eta zain dugu irailean gertatuko denari buruzko gogoeta egitea. Lehenik eta behin, argitu behar da Jaurlaritzak pasan den astean iragarri zituen jarraibide berdinekin lan egingo ote dugun irailean: hain justu, ikasgela bakoitzean gehienez 15 ikasle izatea. Oinarrizko Lanbide Heziketa kenduta, 190 talde ditugu, eta 14 taldek bakarrik dituzte 15 ikasle baino gutxiago. Hortaz, konplikatua izango da.

Bereziki Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek funtsezko rola dute familien eta gizartearen oreka sozioekonomikoan.

Bestetik, gogoeta sakona dago atzetik. Bereziki Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek funtsezko rola dute familien eta gizartearen oreka sozioekonomikoan; haurren tutoreek normaltasunez lan egin dezatela ahalbideratzen dute. Esaterako, txandako eskolak planteatzen badira, hezkuntza arloan konponbidea izango du, baina familientzako bateragarria izango al da? Gizarte osoari dei egiten dion arazoa da hau.   

Proposamen zehatzik?

Datorren ikasturtearen plangintzari begira, Kristau Eskolatik elkarrizketarako gune bat eratu dezala eskatu diogu gobernuari; ziur denon artean gai garela egoerari irtenbidea aurkitzeko. Ikusiko dugu ea lanerako espazio hori sortzen den eta aurrera egiteko gai garen. Baina, oraindik ere, hastear gaude. 

Ez duzue uda lasaia izango aurten...

Hori ematen du, bai. Datorren ikasturtea berriz ere prestatzea tokatuko zaigu, eta Lanbide Heziketan bereziki delikatua da, zenbait lanbide-familiatan lan praktikorako presentzialtasuna ezinbestekoa delako, hala nola, fabrikazio mekanikoan edo biomedikuntzako laborategian. Lanbide-heziketak praktikan orientatzeko gaitasuna du. Formula bat bilatu beharko dugu arazo honetatik ateratzeko, zuhurtziaz baina ausardiaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago