Konfinamendu neurrien leuntzearekin batera, hainbat zerbitzu berriro martxan daudela jakinarazi du Gasteizko Udalak.
AMVISAren aurrez aurreko arreta
Horien artean, AMVISA izan da lehenengoa; astelehenetik aurrera, aurrez aurreko arreta emateari berrekin dio Antilletako pasabideko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.
Kontratu bati alta edo baja eman, titularitatea aldatu edo beste edozein izapide egin nahi dutenek AMVISAren webgunean edo 945 16 10 00 telefonora deituz eska dezakete hitzordua. Bulegoaren ordutegia 8:30etik 14:00etara da, eta adinekoek lehentasuna izango dute 10:00etatik 11:00etara.
Ur-horniduraz arduratzen den udal enpresa pribatuak gogorarazi du ordainketak banku txartelaren bidez baino ez direla onartuko, inoiz ez eskudirutan.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak
Asteazken honetatik aurrera, aurretiazko hitzorduarekin, aurrez aurreko zerbitzua emateari berrekin diote Gasteizko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek; hitzordua telefonoz eskatu daiteke, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.
Udal zerbitzu honetako gizarte langileak, psikologoak, kale hezitzaileak eta administrariak lanera itzultzeko, bulegoak eta arretaguneak egokitu dira. Horrez gain, neurri jakin batzuk jarraitu behar dituzte, osasunaren ikuspegitik arreta segurua bermatzeko.
Gainerako udal zerbitzu sozialak ere gaur hasiko dira berriro aurrez aurreko arreta ematen, hitzorduarekin: besteak beste, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko gainerako zerbitzuak.
Herritarren Arretarako Bulegoak
Gaurtik aurrera, gizarte-etxeetan aurrez aurreko arretari berrekingo diote Herritarren Arretarako Bulegoek. Soilik aldez aurreko hitzordua duten kontsultei emango zaie zerbitzua, eta 010 telefonora deituz edo udalaren webgunearen bidez eskatu behar da.
Aurretik, maiatzaren 13an, San Martingo bulegoa ireki zen, eta soilik hiru egunetan, ostiralera arte, aurrez aurreko 643 hitzordu artatu ziren. Gainera, 010 telefonoan 12.406 arreta eman dira apirilean zehar.
Animaliak Babesteko Zentroa
Gaurtik aurrera, Animaliak Babesteko Zentroak ere berrekingo die adopzio eta harrera zerbitzuei, aurretik hitzordua eskatuta. Udalaren webgunean, 010 telefonoan edo Animalien Babeserako Zentroko telefonoan (945 16 17 55) aldez aurretik hitzordua eskatuta eskainiko dute zerbitzua.
Horretarako, zentroak beharrezko neurriak hartu ditu Covid-19ren aurkako segurtasun-protokoloak betetzeko.
Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoa
Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoa ere gaur berrireki da. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da ere, eta, oraingoz jendaurreko arreta baino ez dago martxan; ez, ordea, bidaiateka eta bestelako zerbitzuak.
Era berean, bulegoak arreta telematikoa mantenduko du infogasteiz@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoaren, telefonoaren (945 16 13 30) eta sare sozialen bitartez.