Covid-19aren pandemiaren prebentzio neurrien ondorioz, La Polla Records talde aguraindarrak eta Last Tourrek erabaki dute 40. urteurreneko biraren barruan ekainaren 13an Mendizabalan egitekoa zen Gasteizko kontzertua atzeratzea.
Data berria ere iragarri dute jada: 2021eko ekainaren 26an izango da, leku berean eta gonbidatutako artistak mantenduz; hau da, El Drogas, Lehendakaris Muertos, Kaotiko eta Cerveza Suicida taldeak igoko dira oholtzara Aguraingoekin batera.
"Lehentasun nagusia kontzertura joango direnen eta kontzertuan parte hartuko dutenen osasuna zaintzea da", adierazi dute sarrerak erosita zeuzkaten lagunei bidalitako oharrean; "baita ongizate orokorra zaintzea ere, Osasun Ministerioak hartutako neurriak errespetatuz".
Erositako sarrerak
Salmenta-puntu ofizialen bidez erositako sarrerak data berrirako erabili ahal izango dira, "izapide gehigarririk egin gabe". Egun berrira joaterik ez duten lagunei, ordea, hurrengo 14 egunetan itzultzeko aukera eman diete.
Halaber, sarreren salmentak "normaltasunez" jarraitzen du Last Tourren webgunean.