Martxoaren 31n, errepresio frankistaren biktima diren gasteiztarrei errekonozimendua emateko egunaren testuinguruan, martxoaren 25ean eta 26an ospatzekoa zen erakustaldia; alarma egoera dela eta, atzeratu behar egin zuten, eta, azkenik, internet bidez jarraitu ahal izateko egokituko dute.
Zirelako egitasmoaren webgunean ikusgai egongo dira aukeratutako lanak, maiatzaren 28an eta 29an. Gainera, bigarren egunean, epaimahaiaren eta lanen egiletako batzuen arteko solasaldi telematikoa izango da 19:00etan.
"Eztabaida eta ikuspegi kritikoa sustatzea" du helburu film laburren ziklo honek, eta ikus-entzunezko istorio laburren bidez, memoriari eta giza eskubideen urraketei buruzko ikuspuntuak eskaini nahi ditu.
Bi kategoria, sei lan eta aukeraketa berezia
Alde batetik, Giza Eskubideen eta zinemaren esparruko aditu gisa, Rosabel Argote Veak (CEAR-Euskadi), Nerea Martinez Aranburuzabalak (Martxoak 3 elkartea) eta Fernando Lopez Castillok osatzen dute epaimahaia; kategoria irekian aurkeztutako lanen artean sei aukeratu dituzte.
Bestalde, Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuarekin elkarlanean erakusketa antolatzeaz arduratzen den Zinhezba erakundeak berak egindako aukeraketa berezia aurkeztuko du.
Filmak jatorrizko bertsioan egongo dira ikusgai, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin, eta hitzaldi-solasaldia elebiduna izango da; parte-hartzaile bakoitzak bi hizkuntzetako edozeinetan hitz egiteko aukera izango du.
Publikoaren saria
Azkenik, ikusentzuleek publikoaren saria aukeratu ahal izango dute egitasmoaren webgunean, bozkatzeko galdetegi baten bitartez. Lan irabazleak Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren aitorpena jasoko du, eta hura zabaltzeko konpromisoa.