Koronabirusa

Michelinek irailaren 15era arteko ABLEE bat planteatu du

Erredakzioa 2020ko mai. 8a, 10:17

Apirilaren 14an itzuli ziren lanera Michelinek Gasteizen duen fabrikako langileak. / ALEA

Michelinek planteatutako aldi baterako lan-erregulazio espedienteak (ABLEE) lantoki guztiei eragingo die, baita 3.300 langile inguru dituen Gasteizko fabrikari ere. Zuzendaritzak arrazoi "produktiboak eta antolakuntzakoak" argudiatu ditu.

Pneumatikoak fabrikatzen dituen enpresaren planteamendua lanaldiak maiatzaren 18tik aurrera eteten hastea da, eta egoera irailaren 15era arte luzatzea; lan-erregulazio espedienteak 70 egun naturaleko eragina izango luke, gehienez, langile bakoitzaren egutegian.

Enpresako zuzendaritzaren arabera, eskariek %30etik gorako jaitsiera izan dute Covid-19aren pandemiaren ondorioz. Hori dela eta, Michelinek "antolaketa eta ekoizpen" arrazoietan oinarritutako ABLEE bat proposatu du, lau hilabetetarako.

Zuzendaritza eta langileen batzordea ez dira hasi oraindik balizko soldata-osagarriak negoziatzen, ezta espedienteak aparteko ordainsarietan zein oporretan izango duen eragina negoziatzen ere.

Dena den, "enpleguari eusteko" eskakizuna helarazi diote sindikatuetako ordezkariek zuzendaritzari. Era berean, Michelinentzat lan egiten duten azpikontratetan izan dezakeen eraginaz ere ohartarazi dute; izan ere, azpikontratatutako 600 pertsona inguru ari dira lanean Arabako lantegian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago