Martxoaren 16an bertan behera utzi zen Gasteizko TAO zerbitzua, Covid-19aren pandemiaren ondorioz. Zortzi asteko geldialdiaren ostean, datorren astelehenean berrartuko da, ohiko jarduera berreskuratzen ari den testuinguruan.
Trafiko Zerbitzuak gomendatzen du "inoiz baino gehiago" Telpark aplikazioa erabiltzea, parkimetroa ukitu gabe ordaintzeko aukera ematen baitu.
"Txanponik erabili gabe, txartela hartu beharrik gabe, eta, gainera, ibilgailua aparkatuta egon den denbora bakarrik ordaintzen da", azaldu dute. Aparkalekua kudeatzeko "modurik ziurrena" dela ziurtatu dute, gomendio sanitario guztiak betetzeko.
Horrez gain, aplikazioarekin aparkatzeko denbora edozein unetan luzatzeko abantaila gogorarazi dute Trafiko Zerbitzuko arduradunek; izan ere, alarmen bidez abisatzen du aparkatzeko denbora bukatzear dagoenean.
Aukera gehiago ere ematen ditu aplikazioak: besteak beste, salaketak mugikorraren bidez baliogabetzea, edota GPSaren bitartez ibilgailua aurkitzea.
Telpark aplikazioan bertan erregistratu beharra dago, baina doan eskura daiteke Google Play eta App Store aplikazioetan edo www.telpark.com webgunean.