Gogoz hartu dute herritarrek kalera irtetzeko aukera

Erredakzioa 2020ko mai. 2a, 12:23

Azken asteotan hutsik izan diren parke eta kaleak jendez bete dira goizeko lehen orduetan. 

Kalea zapaltzeko irrikaz zegoen jende asko, eta, lehen aukera baliatuta, kaleak jendearen joan etorriarekin janzten hasi dira goizean goiz.

Kirola egitera ohitutakoak beren jardunera itzultzeko aukera izan dute; oinez batetik bestera ibiltzea gustuko dutenak ere nagikeriak astindu eta eguraldiak lagunduta paseoan ibili ahal izan dira; eta kirola telebistan ikusi ohi duten zenbait ere, urteberrian bezalaxe, intentzio onenarekin atera dira kirola egitera.

Beti izan ohi da legeak berari eragiten ez diola pentsatzen duenik: multzoka ibili den txirrindulari taldea, paseoan ibilita ezagunak agurtu eta hizketan geratzeko aukera galdu ez dutenak, edo beraien ibilbidea mugatutako kilometrotik dezente aldendu egin dutenak ere. Baina orokorrean zentzudun jokatu dute herritarrek. Kalera irteteko grinari eutsi ezinda, baina legez ezarritako ordutegi eta baldintzak errespetatuz.

Armentia, Zabalgana, Olarizun edo Salburua izan dira herritarrek aukeratutako eremu nagusiak. Gasteizen famatu egin den Eraztun Berdea, itxuraz, inoiz baina probetxugarriagoa izango da egunotan gasteiztarrontzat.

Norabide bakarreko ibilbidea

Neurriak aztertu, eta norberak bere udalerrira nola ekarri erabakitzeko denbora gutxi egon da. Horregatik, gaizki ulertuak eta zalantzak ugari izan dira azken orduetan. Jendea pilaketak arintze aldera, Gasteizko Udalak bart iluntzean azaldu zuen Eraztun berdeko ibilbideetan norabide bakarreko joan etorriak egin beharra zegoela. Horrela, ibiltarien arteko gurutzaketa eta kontaktua saihestea bilatzen da.

Datozen egunetan gainera, hanbait espaloi eta bidegorri zabaltzeko asmoa ere adierazi dute udal agintariek, datozen egunotarako espazio berriak zabaldu nahirik.

Salburua

Zabalgana

Armentia

Olarizu

Gamarra

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide