Mercedesen eta hornitzaile parkean dauden 6.000 langiletik, mila inguru hasi dira astelehen goizean jarduera industriala martxan jartzen. Egunean ehun ibilgailu inguru ekoitziko dituzte, osasun krisiaren aurretik 700 inguru ekoizten zituzten bitartean.
Lehen bi asteetan, hiru txandetatik batek baino ez du lan egingo Mercedesek Gasteizen duen fabrikan, goizeko ordutegian. Hirugarren astetik aurrera, maiatzaren 11tik 15era, bi txanda sartuko dira, goizez eta arratsaldez. Eta, azkenik, laugarren astean hiru txandak itzuliko dira lanera.
Langileen erdiak beste erdiak baino hamar minutu lehenago sartuko dira, sarreran eta irteeran pilaketak saihesteko. Horrez gain, azpikontratatutako langileek prebentzioari buruzko formakuntza jasoko dute jarduerari berrekin aurretik, baita norbera babesteko ekipamenduak (NBE) ere.
Guztiei tenperatura hartuko zaie sartu aurretik, eta erabilera partekatuko instalazioak garbitu eta desinfektatuko dira; autobusetan, aldageletan eta eremu komunetan ere aldaketak ezarriko dira.
Akordiorik gabe
Enpresa batzordeak kritikatu du akordiorik ez dela lortu. Langileen ordezkarien ustez, ezarritako neurriak ez dira nahikoak, eta datozen asteetan langileek esfortzu gehigarria egin beharko dutela salatu dute.
"Egun osoan maskararekin, betaurrekoekin edo pantaila batekin lan egin behar izateak atseden handiagoa merezi du. Era berean, ez da kontuan hartu norberaren higienerako edo desinfekziorako denbora, ezta tailer batean kutsatzeko arriskuak eragiten duen estresa ere", azaldu du enpresa batzordeak, ohar bidez.
Martxoaren 16an ekoizpena gelditzea erabaki zuten Mercedeseko langileek, enpresak segurtasun neurriak bermatzen ez zituztelako: "Osasuna lehenetsi genuen. Zein egoeran egongo ginateke produkzioa eten ez bagenu?", adierazi du ELA sindikatuak.