Koronabirusa

Umeak eta gurasoak kalera itzuli dira

Erredakzioa 2020ko api. 26a, 13:51

Patineteak, bizikletak, pilotak, maskarak, ibilaldiak... Umeek eta gurasoek berriro zapaldu dituzte kaleak, arazorik eta pilaketa handirik gabe, baina nolabaiteko urduritasunez.

Gaurtik aurrera 14 urtetik beherako haurrak kalera ateratzea baimendu du Espainiako Gobernuak. Honako hauek dira "deseskalatze fasearen" atarian hartutako lehenengo neurriaren nondik norakoak:

  1. Egunean behin bakarrik.
  2. Ordubetez, 9:00etatik 21:00etara.
  3. Etxetik kilometro batera, gehienez.
  4. Heldu batek lagunduta atera ahal izango dira.
  5. Heldu bakoitzak gehienez hiru haur eraman ahal izango ditu.
  6. Pilota bat, patinetea, bizikleta eta beste jostailu batzuk eraman ahal izango dituzte.
  7. Ariketa fisikoa egitea baimenduta egongo da.
  8. Landa eremuan, landara irten edo basotik paseatzera joan ahal izango dira.
  9. Debekatuta dago parkera joatea edo jostailuak partekatzea.
  10. Interakziorik ezin izango dute izan beraiekin konfinatuta egon ez diren adingabeekin.

Horrez gain, gutxieneko distantzia mantentzea eta maskara erabiltzea gomendatu du; eta irteera bakoitzaren aurretik eta ondoren eskuak garbitzea "ezinbestekoa" dela ohartarazi du.

Maiatzaren 2tik aurrera, kirola eta ibilaldiak

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri du datorren larunbatetik aurrera deskonfinamenduak aurrera egingo duela, baldin eta koronabirusak eragindako egoerak hobetzen jarraitzen badu.

Kasu positiboak murrizten jarraitzeko joera mantentzen bada, maiatzaren 2tik aurrera kirola edo ibilaldiak egitea baimenduko du Espainiako Gobernuak; nolanahi ere, bakarrik, edo dagoeneko elkarrekin bizi garen pertsonekin egin beharko da.

"Bakarkako jarduera fisikoa egiteko eta bizikide ditugun pertsonekin paseoak egitea baimenduko da", adierazi zuen Sanchezek larunbatean. Asteartean zehaztuko dituzte neurri berri horren xehetasunak, eta konfinamendutik "deseskalatze fasera" igarotzeko plana.

Noraino joan ahal izango naiz umeekin?

Bizitokitik kilometro bateko eremuan ibili ahal izango dira umeak. Gaindegiak sortutako mapa interaktibo batek norbere bizitokia aukeratu eta kilometro bateko eremua bistaratzeko aukera ematen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago