Apirilaren 17an, RTVEk Ariñez eta Villodas adinekoen egoitzetako zuzendariari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen: Ariñez, uharte bat egoitzetako dramaren barruan. Zentroko langileen ordezkarien arabera, zuzendariak azaldutakoa "errealitatetik oso urrun" dago.
"Era erromantiko batean kontatzen da erresidentzietan egiten den lana", deitoratu dute langileek, eta egoitza pribatu gehienetan bizi den prekarizazio prozesua salatu dute: "Emakumeak prekarizatzen dituzten enpresak euren borondate onaz baliatzen dira, sistemak funtziona dezan".
Izan ere, osasun larrialdiak agerian utzi du egoitza pribatuetan bizi den prekarietatea, langileen lan baldintzei dagokionez, baina baita asistentziari dagokionez ere.
Dei batek saihestu zuen tragedia
ELA sindikatuko Itziar Ferron langileen ordezkariarekin hitz egin du ALEAk, eta azaldu duenez, martxoaren 3an bertan -osasun krisiaren lehenengo egunetan- enpresari jakinarazi zioten Covid-19aren aurrean neurriak hartu behar zirela, beste egoitza batzuetan hartu ziren bezala.
Martxoaren 4an, beste patologia batzuengatik Santiago Ospitalean ingresatuta egon zen erabiltzaile bat Ariñez egoitzara itzuli zen, eta hasiera batean ez zuten isolatu.
Santiago ospitalean kasu positiboak zeuden dagoeneko, eta egoiliarra bertatik itzuli zenean tratamendu berezirik behar ote zuen galdetu zuen egoitzako erizainak, baina ospitaletik ezetz erantzun zioten: "Ez zen gomendio berezirik eman, eta horregatik ez zen egoiliarra isolatu", azaldu du Itziar Ferron prebentzio-ordezkariak.
"Gainerako erabiltzaileekin bizimodu normala egiten jarraitu zuen", azaldu du. Egun batzuk beranduago, erabaki horren lehengo ondorioak iritsi ziren: aipatutako egoliarraz gain, beste bi erabiltzailek positibo eman zuten, eta sintomak zituzten zenbait langile isolatuak izan ziren.
Martxoaren 9an, Santiagotik itzulitako erabiltzailearen gelakidea izandakoaren familiaren dei batek jakinarazi zien azken hau hil egin zela koronabirusaren ondorioz. Langileek salatu dutenez, orduan hasi ziren lehenengo neurriak hartzen eta ez lehenago: "Bost egun beranduago eta dei baten ondorioz; ez zuzendaritzaren borondateagatik".
Egun horretan, bisitak debekatzea proposatu zuen Ferronek, langileen prebentzio-ordezkari gisa; baina bere ustez "ulergabea" den erabaki bat hartu zuen zuzendaritzak: "Gaixotutako pertsonarengandik gertuen zeuden erabiltzaileak isolatzen hasi ziren, gela berean elkartuz".
"Langileek dena eman dute"
Hurrengo egunetan langileek gainkarga "ikaragarriari" aurre egin behar izan diotela salatu du ELA sindikatuak, ohar bidez: "Langileek dena eman dute egoiliarrengatik"; besteak beste, librantza-baimenak kendu zaizkio plantillari.
Zuzendaritzak zaintzaile-eginkizunak betetzeko eskatu die fisioterapeuta, ile-apaintzaile eta bestelako lanetan ari diren langileei; eta bitartean, langile gehiago kontratatzeari uko egin zaiola salatu dute langileen ordezkariek: "Behin eta berriz eskatu dugu langile gehiago kontratatzea, protokoloak behar bezala gauzatu ahal izateko eta egoiliarrei kalitatezko zaintza bat eman ahal izateko".
Horrez gain, zuzendaritza bereko Villodas egoitzan norbera babesteko ekipamendu (NBE) falta ere salatu du ELA sindikatuak: "Langileek ez dute behar besteko babesik izan, eta material hori giltzapean egon da". Sindikatuak azaldu duenez, "ez da neurririk hartu", maskara kirurgikoak erabiltzeaz harago.
Langileen arabera, bestelako prebentzio neurri unibertsalak ere ez dira bete: besteak beste, jarduera kolektiborik ez egitea edo segurtasun-distantzia errespetatzea.
Egoitza pribatuak
"Zentro pribatuetako langileen eta egoiliarren egoera eskasa zuzendariek kontatzen dutenaren oso desberdina da, baina haien artean oso antzekoa", salatu du ELA sindikatuak.
Egoitza pribatu gehienetan errepikatzen den egoeraz ohartarazi du sindikatuak: besteak beste, norbera babesteko ekipamendurik ez izatea, protokoloak behar bezala ez aplikatzea, langile nahikorik ez egotea edo erabiltzaileei asistentzia txarra ematea.
"Langileak dira lana aurrera ateratzen ari direnak, egoiliarrak zaintzen, haiek babesten, fisikoki zein emozionalki gainkargatuta; eta enpresaren zein Aldundiaren babesa jaso gabe", kritikatu dute.
Caser egoitzako langilea gogoan
Hala ere, Itziar Ferronek onartu du azken egunetan gauzak hobetzen hasi direla; izan ere, erakundeen ordezkariak asteartean joan ziren Ariñezera, protokoloa "modu egokian" azaltzera eta hainbat gomendio zein jarraibide ematera.
Villodasera, berriz, larunbatean joan ziren, eta Ferronen arabera, "belarritik tira" egin zioten zentroko zuzendaritzari: "Orain zentroek protokoloari egokitzeko aukera daukate eta prebentzio-ordezkariarekin batera egin beharko dute", ospatu du.
Azkenik, ostegunean hildako Caser egoitzako zaintzailea izan du gogoan: "Egoitzetako langile guztiek gure doluminak eman nahi dizkiegu Carlosen familiari eta Caserreko langileei".