Hildako langileak egoitzako unitate soziosanitarioan lan egiten zuen, mendekotasuna duten pertsonei edota Osakidetzatik zein Aldunditik eratorritako zaintza-behar intentsiboak dituzten pertsonei laguntzen.
Gaur egun 21 erabiltzaile daude unitate honetan, eta horietatik hogeik positibo eman dute Covid-19an. Guztira, 158 ohe ditu Caser egoitzak: horietatik 54 Aldundiarenak dira eta 25 Egoitza-unitate soziosanitarioarenak (URSS).
Osasun krisian zehar 30 egoiliar baino gehiago hil dira koronabirusarekin; oraingoan, bertako langile bat gehitu da osasun krisiaren arrasto beltzaren zerrendara.
"Doluminak eman nahi dizkiegu hildako gure lankidearen familiari eta lagunei, baita URSSeko eta egoitzako kide guztiei ere", adierazi du ELA sindikatuak, eta gogor salatu du gertatutakoa: "Langileen bizitzarako eskubidearekin ez da jolasten".
Enpresari eta Arabako Foru Aldundiari "arduraz jokatzeko" eskatu die sindikatuak, eta baita plantillaren segurtasuna eta babesa bermatzeko ere. Izan ere, sindikatuaren ustez, gaur egun dauden prebentzio-neurriak eta babes-ekipoak "ez dira nahikoak". Horrez gain, Covid-19aren testa langile guztiei "lehenbailehen" egitea exijitu du ELAk.
Euskal Herriko gehiengo sindikalak Gasteizko egoitzetako langile guztiei dei egin die ostiralean mobilizatzeko. 12:00etan bost minutuko elkarretaratzeak egingo dira egoitzetako sarreretan; deialdian argitu dutenez, mobilizazioetan "segurtasuneko gutxieneko distantzia eta gainerako prebentzio-neurriak" errespetatuko dituzte.