Gaur arratsaldean, Iñigo Urkullu lehendakariak, foru ahaldun nagusiek, EAEko hiru hiriburuetako alkateek eta EUDELek aisialdiaren eta kulturaren sektoreko hurrengo neurriak aztertuko dituzte, deseskalatze-prozesuaren fase ezberdinen arabera.
Gasteizko alkateak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean aurreratu duenez, EAEko hiru hiriburuek erabaki bateratua hartuko dute, osasuna babesteko helburuarekin: "Ez zaigu ahaztu azken bi hilabeteetan gertatutakoa. Oraindik pandemia egoeran bizi gara", adierazi du Urtaranek.
Osasuna bermatzearekin batera, tokiko ekonomiaren alde egitea da Gorka Urtaranek aurreratutako helburuetako bat; hortaz, jaiak guztiz bertan behera utziko ez direla aurreikusi daiteke, eta baliteke ohiko jaien formatua nolabait aldatzea. Hala ere, arratsaldean ezagutuko dira xehetasunak.
Auzoetako jaiak berrasmatzen
Ostegun goizean ohar bateratua plazaratu dute Gasteizko hainbat auzotako jai batzordeek; bertan adierazi dute auzoetako jaiak egoera berrira moldatuko direla, eta "orain arte ezagutu gabeko formatu berriak" berrasmatuko dituztela.
Hamar auzo gasteiztarren jai batzordeek bat egin dute: Txagorritxu, Adurtza, Arana, Judimendi, Arriaga, Alde Zaharra (Zaharraz Harro), Salburua, Zabalgana, Zaramaga eta San Kristobal.
Krisi sozio-sanitarioaren aurrean "arduraz jokatzeko" asmoarekin, eta "pertsonak eta hauen osasuna" bermatzeko aukera izan arte, jai batzorde bakoitzak erabakiko du zein izango den bere auzoko jaien "formatu berria"; hori bai, jaiak ez dira presentzialak izango.
Horrez gain, "baimen, dirulaguntza edota beste edozein tramite burokratikotan malgutasuna" eskatu diote Udalari.
Bertan behera geratu diren ospakizunak Araban
Gasteizko jaiak zalantzan dauden bitartean, Araba osoan bertan behera geratu dira jai eta ospakizun ugari:
- Maiatzak 11: Dultzainero-Gaiteroaren XLVI. Eguna bertan behera utzi du Guardiako Udalak.
- Maiatzak 13, Maeztun: Mendialdea Music Festival jaialdia bertan behera.
- Maiatzak 15, Aiaran: San Isidro jaia eta azoka bertan behera.
- Maiatzak 15: San Isidro jaia bertan behera Guardian, Lapuebla de Labarcan, Kanpezun, Gaubean eta Bitorianon.
- Maiatzak 31, Samaniegon: Mendekosteko jaia bertan behera.
- Ekainak 13: Zanbranako Gazteluen Eguna bertan behera.
- Ekainak 23: San Joan Astobitza jaiak bertan behera, Laudion.