Koronabirusa

"Erretretarekin hasi eta amaituko dugu danborrada herrikoia"

Mirian Biteri 2020ko api. 26a, 08:00

Leire Betolaza, etxeko balkoian. LEIRE BETOLAZA

San Prudentzio bezperak berezia izan behar zuen Leire Betolazarentzat, Gasteizko danborradako danbor nagusi bezala estreinatu behar zelako. Koronabirusak ez dio utziko kargu berriaz gozatzen, baina, badu ordezkoa: Batera Zaintza sarearen danborrada herrikoia.

Gasteizko danborradako zuzendari berria izendatu dutelako ezaguna egin bada ere, ibilbide luzea du Leire Betolazak. Musikarekin txikitatik "amodiozko istorio bat" duen gasteiztarrak magisteritza musikala du eginda eta kultur jarduera horrekin lotutako hainbat proiektutan dago sartuta: musika eta kantu irakasle izateaz gain, Vital Fundazioa, Once eta Judimendi parrokiako abesbatzak zuzentzen ditu; eta Manuel Iradierreko sopranoa izateaz gain, bigarren zuzendaria ere bada. 

San Prudentzion Gasteizko elkarte gastronomikoek antolatzen duten danborradako zuzendari berria zara. Hirugarren zuzendaria. 

Hala da. 1975ean, danborrada sortu zenetik, hiru zuzendari izan dira. Koldo Aristondo izan zen lehena; horren ostean, Jose Mari Bastidak Txapi-k 19 urtez jardun zuen kargu horretan. Orain nire txanda zen, baina koronabirusa dela eta, ez naiz kaleetan estreinatuko; espero dut datorren urtean danborrada normala egin ahal izatea. Aurten ez dugu entseatzeko aukerarik ere izan; etxeko txikiekin martxoaren 9an hastekoak ginen baina egun horretan bertan ikastetxeak itxi behar izan zituzten eta umeak etxera bidali zituzten.

Hasiera batean, 15 egun bat eguneko zerbait izango zela pentsatu genuen, baina azkenean arazoa serioagoa bihurtu da eta luzatu egin da.

Danborradaren zuzendaritzan lehen emakumea zara. Gizartea aldatzen ari den seinale al da hori? 

Danborradan gero eta emakume gehiagok parte hartzen dute, eta nik uste dut ondorio naturala dela. Pasa den urteko irailean, zuzendari kargurako eskaera aurkeztu nuenean, emakume gehiago omen zeuden izena emanda.

Ez zara berria danborradan. Aurretik ere parte hartu izan duzu, ezta?

Bai. Txikia nintzela, bospasei urtez parte hartu nuen danborrada txikian, majorette eta baserritar bezala; eta helduen danborradan, hamabi bat urtetan majorette izan ostean, kantineraz irten nintzen, eta iaz, berriz, urketari moduan parte hartu nuen. Ez nuen imajinatuko danbor nagusia izango nintzenik; baina, begira, azkenean, zuzendaria bihurtu naiz. 

Jotzen diren piezekin arazorik ez orduan...

Hori da, oso ezagunak dira niretzat. Urte asko daramat horiek guztiak dantzatzen, eta bakoitzaren eskema guztiz barneratuta daukat. Badakit nola jotzen diren, eta partiturak ondoan ditudanean ez dago inongo arazorik. 

Aurten ez zaitugu kaleko danborradan ikusiko. Baina, Gasteizko Batera Zaintza sare herritarrak antolatutako danborrada herrikoiarekin bat egin duzu. Zergatik?

Orain dela hiru bat aste deitu zidaten eta proposamena oso ona iruditu zitzaidan. Iruditzen zait Batera sarea auzokideekin egiten ari den lana txalotzekoa dela.

San Prudentzio ospatzeko deia egitea zen hasierako asmoa, baina gero danborrada herrikoia antolatzeko proposamena atera zen eta nik neuk gidatzea. 

Zein da zehazki plana? 

San Prudentzio bezperan, apirilaren 27an, balkoietan danborrada herrikoia egingo dugu, 20:30ean. Ekimenak, baina, ez dira horretara mugatuko. Egunotan bi tailer eta entsegu telematikoak antolatu dira: lehenengoan danborra edota txanoa sortzen ikasteko saioak eskaini dira; eta bestetik, nik gidatutako entseguak daude. Astelehenean egin genuen lehena, eta oso ondo joan zen guztia. Ostiralean dugu bigarrena; egun bakoitzean hiru abesti entseatzen ari gara. Eduki horiek guztiak zuzenean emititzeaz gain, Baterak Youtuben duen kanalean kargatzen direnez, behin baino gehiagotan ikus daitezke. Astelehenean, apirilak 27, eguneroko txalo zaparradaren ostean, danbor hotsak entzungo dira Gasteizko balkoietan eta leihoak, 20:30etik 21:00etara. Entseatutako sei abestiak joko ditugu; Erretretarekin hasi eta amaituko dugu. Joko ditugun kantuak, bestalde, irratian entzun ahal izango dira.    

Zergatik iluntzean eta ez afaldu ostean, danborrada egiten denean?  

Orduagatik. Asmoa da parte-hartzea ahalik eta zabalena izatea, eta hortaz, txaloen ostean momentu ona dela iruditzen zaigu. Gauean eginda, umeek, pertsona nagusiek eta gaixoek ezingo lukete parte hartu, beraientzako beranduegi delako.  

Deialdia Gasteizen egin bada ere, Araba osora zabaldu da. Gasteizko Danborrada ofizialaren antolatzaileez gain, Añana, Mendialdea eta Gorbeialdeko hainbat udalek ere bat egin dute ekimenarekin...  

Asko pozten nau. Azken finean, San Prudentzio arabar guztion patroia da, eta parte-hartzea gero eta zabalagoa izan, orduan eta politagoa izango da danborrada. Hemendik arabar guztiak animatu nahi ditut, modu batean edo bestean, jaiak etxetik ospatzera eta gozatzera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago