Koronabirusa

Michelinen jarduera etetea eskatu dute langile bat ospitaleratu ostean

Erredakzioa 2020ko api. 20a, 11:20

Michelinek Gasteizen duen fabrikako jardueraren etetea eskatu dute sindikatuek. / ALEA

Iragan asteartean Michelinek ekoizpenari berrekin zionetik, gutxienez langile bat gaixotu da koronabirusarekin. ELA eta LAB sindikatuek fabrikaren jarduera gelditzea exijitu diote enpresari.

Azpikontratatutako Ferrovial enpresako langile bat ospitalean dago ostiraletik, koronabirusaren sintomekin; gainera, Michelinek jarduerari berrekin zion egunean, langile hau lankideen artean Norbera Babesteko Ekipamenduak (NBE) banatzen aritu zen.

"Michelinek interes ekonomikoa lehenetsi du, langileon osasuna bermatu gabe", deitoratu du LAB sindikatuak, eta berretsi du funtsezkoak ez diren enpresak itxita mantendu behar direla.

Gainera, Michelinek ekoizteko premiarik ez zeukala eta "zero arriskua" bermatzea ezinezkoa dela salatu du sindikatu abertzaleak. Honekin batera, ohartarazi du enpresak ez duela informaziorik ematen kutsatutako langileei eta talde kalteberei buruz.

Bestalde, ELA sindikatuak fabrikaren jarduera etetea eskatu du instalazioak desinfektatzeko: "Instalazioak erabiltzeari utzi behar diogu, horiek desinfektatu egin behar dira, eta, ondoren, jarduerara itzuli", adierazi du ELAk, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak garatuta protokoloaren arabera.

Gainera, langileen artean gaixoarekin kontaktua izan dutenen zerrenda egitea eta langile horiek berrogeialdian jartzea eskatu dio ELA sindikatuak Ferrovialeko zuzendaritzari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago