Iratxe Aguilera | Kai Nakai

"Dakarguna periferiatik dator; ez da betidanik entzun dugun euskal musika"

Mikel Buruaga 2020ko api. 18a, 11:25
Iratxe Aguilera 'Kai Nakai' 23 urteko gazte gasteiztarra da. / KAI NAKAI

Konfinamendutik ere sorkuntzari eutsi dio Iratxe Aguilera (Gasteiz, 1996) musikagile gasteiztarrak. Abenduan Durangoko 54. Azokako Sormen beka irabazi ostean, Kolpe bideoklipa aurkeztu berri du, Kai Nakairen lehen diskoa izango denaren aurrerapen gisa.

Musika urbanoa, feminismoa eta euskara lotzeko proiektua aurkezturik, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak bultzatutako Sormen Bekaren bigarren edizioa irabazi zuen duela bost hilabete, Durangoko Azokan.

Aurkeztutako proiektuaren izenburuak argi uzten du zein den 23 urteko gasteiztar honen grina: Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan! Orduz geroztik, eta jasotako babesak lagunduta, euskarazko musika urbanoa sortzeari ekin dio, Kai Nakai goitizenarekin.

 

Nola jaio zen Kai Nakai?

Txikitatik musika izan da nire pasioa, eta Kai Nakai bezala aurkeztu baino lehen, beste abesti batzuen bertsioak egiten nituen. Horren ostean, nere proiektu propioa sortzea erabaki nuen, eta bide honetan, Chickjuarez ekoizle mexikarra ezagutu nuen. Biok batera Durangoko Azokako Sormen Beka lortu genuen, reggaetoi feminista eta euskara uztartzen zituen proposamenarekin. Orduan, Kai Nakai bezala nire proiektuaren lehenengo singlea atera nuen: Kolpe.

"Musika nortasun eta kultura adierazpen berriak proiektatu nahi ditugu"

Zein da zuen proposamena?

Dakargun musika ez da oso ohikoa; izan ere, ez da betidanik entzun dugun euskal musika, horregatik diogu periferiatik datorrela. Hala ere, gaur egun
reggaetoia mundu mailan gazteek gehien entzuten duten generoa da. Gure ustez beharrezkoa da Euskal Herrian bertan haztea eta olatu berri hau sustatzea. Horregatik, euskara eta reggaetoia batuz, musika nortasun eta kultura adierazpen berriak proiektatu nahi ditugu, genero honek askotan dauzkan estereotipoei aurre eginez.

 

Zer da musika urbanoa?

Kaleko musika da. Kalean bibolina jotzen ari den batek ez ote du egiten musika urbanoa? Tabernetan entzuten den musika ez ote da urbanoa? Beraz, esan dezakegu musika urbanoa genero jakin batzuk multzokatzeko etiketa bezala erabili dela, baina musika bakoitzak bere berezitasuna dauka. Gure kasuan, Latinoamerikako eta Euskal Herriko bibrak batzen ditugu geure magia egiteko.

"Latinoamerikako eta Euskal Herriko bibrak batzen ditugu geure magia egiteko"

Matxista ote da reggaetoia?

Reggaetoia ez da matxista, pop edo rock musika berez matxista ez den moduan. Letra eta abeslari jakin batzuek eragiten dute abestiak matxistak izatea. Ni, emakume ahaldun eta feminista naizen moduan, nire musika sortu, eskaini eta disfrutatuko dut. Reggaetoia matxista izatearen estereotipoari aurre egin behar diogu.

Zer garrantzi izan du Durangoko Sormen Bekak zure ibilbidean?

Pasa den urtetik gabiltza disko honetarako musika lantzen. Durangon beka jaso ostean, gure proiektua aurrera eraman ahal izan dugu, eta urte honetan zehar ikusi ahal izango du publikoak gure lana, abenduan Durangoko Azokan diskoa kaleratzen dugun arte. Bestalde, ikus-entzunezkoei garrantzi handia emango diegu: musikaz gain, esperientzia bisuala ere eskaini nahi dugu. Atera berri dugun Kolpe singlean nabari daiteke.

 

Nahikoa bultzatzen da gazteen sorkuntza?

Nire ustez, hasierak oso gogorrak dira gazte sortzaileentzat. Kalitatezko proiektuak egiteko eta proiektuak kaleratzeko finantzaketa behar da. Uste dut oso garrantzitsua dela horrelako bekak egotea, aukerak emateko eta proiektuak posible egiteko. Nire inguruan musikari eta artista zoragarriak daude, baina dauzkaten baliabideak ez dira nahikoak haien lanak modu on batean kaleratzeko.

"Reggaetoia ez da matxista, pop edo rock musika berez matxista ez den moduan"

Zer aurreratu dezakezu lehen diskoaz?

Zortzi abesti izango ditu, eta 2020ko Durangoko Azokan aurkezten dugun arte, abesti baten bat aurreratzen joango gara. Momentuz, plataformetan daukagu Kolpe, Kai Nakai ezagutzera eraman duen lehenengo singlea. Kolaborazioren bat ere egongo da, baina momentuz misterio bat da. Chickjuarezekin elkarlanean, Julen De la Serna kamararen atzean...

 

Nolakoa izan da Kolpe singlearen grabaketa?

Amorrua ematen dit galdera honek. Beti galdetzen didazue nire taldeko gizonengatik, eta inork ez du baloratzen nire taldeko emakumeek egiten duten lana. Kolpe Julen de La Sernak zuzendutako bideoklipa izan da; hala ere, arteak oso paper garrantzitsua izan du, eta honen zuzendaritza Tamara Aravecia gasteiztarrak eraman du.

Bestalde, dantza ere nabarmendu nahiko nuke, Alaitz Oraaren esku egon dena. Kai Nakairen atzean oso ekipo potente eta profesionala dago, eta haiek gabe proiektu hau ez litzateke posible izango. Kolpe egin ostean asko ikasi dut, batez ere mundu honen atzean dagoen lan mordoaz; baina gogoz eta ilusioz eginez, dena ondo ateratzen da.

Nola bizi dituzu konfinamendu egun hauek?

Etengabe sortzen ari gara. Ikusi duzuenez, Kelokentoky atera dugu duela gutxi, eta berrogeialdian zehar egindako lana izan da. Egon adi, laster single berriak aterako ditugulako eta oso potenteak izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide