Goiener Taldeak kapitalari ekarpenen %100a lortu du, eta talde barneko Nafarkoop sorkuntza kooperatibako bazkideen borondatezko ekarpenei esker 400.000 euro bildu ditu; bost instalazio fotovoltaiko eraiki eta martxan jartzera bideratuko ditu.
Instalazio fotovoltaiko hauek kooperatiba izaerako bost ikastolatako teilatuetan eraikiko dira: Arabari dagokionez, horietako bat Gasteizko Armentia Ikastola izango da; horrez gain, Argia (Fontellas), Laskorain (Tolosa), Andra Mari Ikastola (Etxarri-Aranatz) eta Eleizalde (Bermeo) ikastoletan ere eraikiko dituzte instalazioak.
Era honetan, autokontsumoa baliatuz ikastetxeek faktura elektrikoa murriztu ahal izango dute; era berean, Goiener Taldeak azaldu duenez, energia, jasangarritasuna eta efizientziaren inguruan ikasketa programa bat garatuko dute, "ikaslegoa, familiak eta irakaslegoa hezteko" helburuarekin.
Proiektu kooperatiboa
Energia berriztagarria sortzeko proiektu hau kooperatiben arteko ekimen bat dela azaldu du Goienerrek: bere helburua energia era banatuan sortzea da, "modu lokalean eta herritarren parte hartzearekin".
Instalazio guztiak fotovoltaikoak izango dira, eta sarera konektatuta egongo dira, soberakinak profitatu ahal izateko. Guztira 1800 metro karratuko azalera izango du, eta urtean 410 MWh sortuko ditu; hau da, gutxi gorabehera 160 etxebizitzek kontsumitzen dutena.
Era honetan, sare elektrikoan energia %100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain, garraioan izan ohi diren galerak aurreztu nahi dituzte, eta CO2, NOx eta SOx igorpenak murriztuko direla ziurtatu dute, hau da, 3.900 zuhaitzek urtean xurgatzen dutena adina.