Alegiazko bidaien kontakizun-lehiaketa abiatu du Oihaneder Euskararen Etxeak. Alarma egoera eta derrigorrezko itxialdia arindu nahian, irudimena dantzan jarri eta bidaien ipuinak, kronikak zein egunerokoak idazteko proposamena luzatu dute.
Horretarako, bidaiak eta idaztea gustoko dituen eta parte hartu nahi duen edonork oihaneder@oihaneder.eus helbidera bidali beharko du 3.000 bat karaktere izango dituen idatzia. Hitzak atondu eta bidaia grafikoki deskribatu nahi izanez gero, ilustrazioak edo irudiak ere erabili ahal izango dituzte.
Testuak apirilaren 20a baino lehen bidali beharko dituzte. Irabazleek 100€, 50€ eta 30€ko bonoak izango dituzte zain Gasteizko Zuloa eta Mara-mara liburu-dendetan gastatzeko.
Animatu eta parte hartu!
Informazio gehiago: Oihaneder Euskararen Etxea