Hamabi elkarrizketa biltzen ditu dokumentalak, eta bakoitzaren esparrutik kultura egiten duten gazte sortzaileak dira protagonista.
Ane Gebara ipuin kontalaria, Mikel Cthulhu Cosmic Tentacles zigiluaren sortzailea, Beñat Goitia musikaria, Paul Urkijo zinegilea eta Izaskun Urkijo arte zuzendaria, Irantzu Lekue artista eta muralista, Iker Fidalgo arte kritikaria, Frik1 eta Ojodekuervo grafitigileak, Gasteiz Hardcore Crewko kideak, Lurburu talde artistikoko kideak, Eider Bernaola argazkilaria, Reina Ginolanda idazlea eta Nerea Mauleon ilustratzailea.
Zenbateraino aldatu da Gasteiz?
Elkarrizketak 2017. urtean egin ziren, eta dokumentalaren estreinaldi bakarra Florida zinemetan izan zen, duela bi urte, 2018ko udaberrian. Ordutik, disko gogor batean gordeta egon da.
Gauzak asko aldatu dira denbora honetan, baita protagonista hauek ere. Batzuk gaur egun finkatutako proiektuekin hasten ari ziren dokumentala egin zen momentuan; beste batzuk ibilbide oparoa izan dute orduz geroztik.
Hala ere, dokumentalaren ildo narratiboa orainaldia da: gazteak jartzen ditu erdigunean; gustuko ez duten mundua edo bizi-sistema aldatzeko, interesa kulturan eta sorkuntzan jarrita dutenak, hain zuzen ere. Gasteizko gazteak, suntsiketaren aurrean sorkuntza hautatzen dutenak.
Gauzak hainbeste aldatu ote dira 2017tik ala berdin jarraitzen dute? Gaur, 20:00etatik aurrera, ALEAren webgunean hausnartzeko aukera izango dugu.