Koronabirusa

"Zerbait ez da ondo egin: nire plantako erdia gaixotu gara"

Mikel Buruaga 2020ko api. 5a, 07:00

Lanera itzuli berri da Jon Ander Resa erizaina, gaixotasuna gainditu ostean. / ALEA

Egunero balkoietatik txaloen elkartasun keinua jasotzen duten osasun langile horietako bat da Jon Ander Resa (Gasteiz, 1989), arnasketa sailean eta zainketa aringarrietan dabilen Santiago ospitaleko erizaina. Positibo eman eta gaixotasuna etxean gainditu ostean, koronabirusaren aurkako borrokaren lehen lerrora itzuli berri da.

EAEko kasu positiboen %16 osasun langileen artean eman dela jakin dugu aste honetan; hau da, koronabirusak kutsatutako sei lagunetik bat osasun langilea da. Datu horren atzean arrisku latza dago: birusa garaitu behar dutenak gaixotzen badira, nork zainduko ote du gure osasuna?

Osakidetzak giza baliabideak eta ospitaleen ahalmena indartzeko esfortzuak biderkatzen dituen bitartean, itxaropen istorioak ere baditugu: gaixotasuna eta berrogeialdia gainditu ostean, lanera itzultzeko irrikan dauden osasun langileenak, hain zuzen. Koronabirusa gainditu daiteke, eta Jon Ander Resa aste honetan itzuli da Santiago ospitalera.

 

Nola bizi zenituen epidemiaren hasierako egunak?

Krisia hasi zenean ni etxean nengoen, eta asteburura arte ez nuen lanik egin. Hasieran entzuten zen mediku batzuek positibo eman zutela, eta beraiekin egondako pazienteak isolatuko zituztela. Laneko whatsappa sutan zegoen: beldurra, ezjakintasuna, lehenengo lankideak etxean isolatuta…

Panorama horrekin joan nintzen asteburuan lanera. Hasieran normaltasun osoa zegoen, Santiagon behintzat. Lan ta lan egon ginen asteburu osoan, baina beldur ginen, bai. Igandean, martxoaren 8an, protokolo guztiak saltatu ziren, egoerak bultzatuta: Covid-19 positibo zen paziente bat gure plantara bidali zuten.

 

Zergatik ez zen protokoloa bete?

Anbulantzia ezin zen etorri sei edo zazpi ordu beranduagora arte. Orduan, paziente hori ezin zen larrialdietako gelan egon; ezta plantan ere, baina une horietan protokoloa ez zegoen guztiz zehaztuta, eta inprobisazioaz erantzun zitzaion egoerari.

"Osasun publikoak kudeatu beharko lituzke probak eta ditugun zerbitzu guztiak"

Prest ote geunden zetorrenari aurre egiteko?

Lehenengo momentuan ezjakintasuna zegoen; ez genekien ondo zer egin behar genuen. Orduan, erizain arduraduna etorri zen, eta bideo bat jarri zigun, norbera babesteko ekipamendua janzten ikas genezan. Formakuntza horrekin joan ginen paziente honen ingresoa egitera, eta azkenik, Txagorritxura bidali genuen.

Momentu horretan kutsatu al zinen?

Asteazkenean mendira joan nintzen, eta bertan gaizki sentitzen hasi nintzen; etxera joatea erabaki nuen, ohean sartu nintzen. Esnatu nintzenean jakin nuen igandean nirekin lan egin zuen kideak sintomak zituela astelehenetik, eta positibo eman zuela Covid-19aren proban.

Zer egin zenuen orduan?

Lan osasun zerbitzura deitu nuen, eta momentu horretatik aurrera nire logelan isolatuta egon behar nintzela esan zidaten. Egia esanda, sintoma oso arinak izan ditut: lehenengo bi egunetan sukarra, eztula eta hotzikarak izan nituen, baina ordutik aurrera ez dut ezer nabaritu. Hala ere, lehenengo proban positibo eman nuen, eta bigarrenean negatibo. Ondoren, hemezortzi egun eman ditut etxean isolatuta.

"Osasun langileak etxean zain zeuden bitartean, Alaves eta Baskoniako kide guztiei proba egin diete"

Ez zinen bakarra izango…

Nire plantan 40 lankide gara, erizain eta laguntzaileen artean; horietatik, 10 erizainek eta 10 laguntzailek baino gehiagok positibo eman dute. Argi dago zerbait ez dela ondo egin, arazoa hasi zenetik hiru astera planta bateko erdia baino gehiago gaixotu bada. Garrantzitsua da hau bukatzen denean aztertzea zer egin den eta nola egin den; batez ere, hemendik aurrera nola funtzionatuko dugun jakiteko.

Nola bizi izan dituzu isolamendu egunak?

Frustrazioa izan da sentimendurik handiena; kideei laguntzeko lanera ezin joatea, egoera zein den jakinda, negarrez daudela dakizunean… Isolatuta egon diren beste kideekin hitz egiten nuenean, gauza bera nahi zuten: sendatu eta lanera bueltatu, egoera honi aurre egiteko.

Frustrazioa ere gauzak gaizki egin direlako. Nire plantako hogei pertsona baino gehiago gaixotu dira; horietako asko ni baino okerrago egon dira, ingresatuta, eta oso gaizki pasatu dute edo pasatzen ari dira.

 

Egunak igaro ziren koronabirusaren proba egin zizuten arte…

48 ordu sintomekin eman ostean erabaki zuten, positibo emandako pertsona batekin egon nintzela jakinda. Lehentasuna nuen osasun langilea naizelako, eta sintomekin hasi eta astebetera egin zidaten proba.

Ulertzen dut proba ezin zaiela pertsona guztiei egin, laborategiak gainezka daudelako; baina ulertzen ez dudana da baliabide faltagatik osasun langileak etxean zain dauden bitartean, Alaves eta Baskoniako kide guztiei proba egin izana, sintomarik gabe, osasun pribatuan ordaindu dutelako.

"Errefortzuak datozenean ez dakigu nondik demontre atera ekipamendua"

Zergatik desoreka hori?

Berriro ere, zerbitzu pribatuek negozioa egingo dute gure osasunarekin, eta ez dut ulertzen. Egoera honetan osasun publikoak kudeatu beharko lituzke probak eta ditugun zerbitzu guztiak; eta osasun publikoak erabaki behar du nori, noiz eta non egingo zaion proba.

Gaixotasuna gainditu duzu...

Hemezortzi egun isolatuta egon ostean bigarren proba egin zidaten: negatibo eman nuen, eta alta eman zidaten. Esan daiteke gaixotasuna gainditu egin dudala, sendatu naizela.

...eta lanera itzuli zara.

Ostiralean, martxoaren 27an, emaitza eman zidaten, eta zuzenean lanera deitu nuen, hurrengo egunean lanera joango nintzela esateko. Larunbatean ordubete lehenago iritsi nintzen, badaezpada, eta goiz osoa eman nuen protokoloak ikusten eta ikasten.

Zer topatu duzu ospitalean?

Nire planta zainketa aringarrietakoa eta arnasketa sailekoa izatetik Covid-19 positibo diren pazienteak artatzera igaro da. Aldaketa izugarria izan da, baina esan beharra dago kriston langileak ditugula, eta beldurtuta ailegatzen bazara ere, kideek ematen duten babesa kristona dela. Hutsuneak hutsune, langile hauekin arazorik gabe aurrera aterako gara.

"UMEa dator, hiruzpalau puntu garbitzen ditu eta egunero daukagu albistegietan"

Zein da egoera orokorra Arabako ospitaletan?

Bereziki harritu nau material faltak. Adibidez, maskara erabili ostean, zure izena idatzita duen gutunazal batean sartu behar duzu, plastikozko poltsa batean; maskara horrek hamabost egun iraun behar du. Errefortzuak datozenean ez dakigu nondik demontre atera ekipamendua. Senideen kasuan, bisita egitera doazenean, ohiko maskara kirurgikoekin sartu eta bi metroko distantziara egon behar dira. Leku bakoitzean errealitate ezberdina egongo da, eta irakurri dudanagatik, gu ez gaude hain gaizki.

Zer moduz daude pazienteak?

Bizi duten bakardadeak ere harritu nau. Asteburuan ordubeteko bisita izan zezaketen, beti pertsona berarekin. Pazienteak triste daude, negarrez, eta abandonatuta bezala sentitzen dira. Gainera, astelehenetik aurrera bisitak amaitu dira; oso gogorra egin zait. Pazienteak bakarrik hiltzen ari dira, senideek horiek ikusteko edo agurtzeko aukerarik gabe. Ospitaleko dei batek jakinarazten die senidearen heriotza.

Uste duzu militarren laguntza beharrezkoa dela?

Espainiako Armadaren zuriketa baino ez da. Osasunean inbertitzen ez zen zenbat diru sartu da Armadan? Eta zertarako balio du? Hemen baditugu garbitzaileak eta suhiltzaileak; lan berdina egiten dute, baina ez dira albistegietan ateratzen. UMEa dator, hiruzpalau puntu garbitzen ditu eta egunero daukagu Teleberrian.

"Hutsuneak hutsune, langile hauekin arazorik gabe aurrera aterako gara"

Nolakoak izango dira hurrengo asteak?

Ez naiz epidemiologoa, eta ez dakit noiz gaindituko dugun "pikoa". Argi daukat langileak hor egongo garela, lanerako eta egoera honi aurre egiteko prest: osasun langileok, garbitzaileak, mantentze lanetakoak, sukaldariak, teknikoak… Eskatzen dugun gauza bakarra zera da: aditu, erakunde eta eragile guztiak bildu daitezela, bide bat jorratzeko eta ditugun erronkei aurre egiteko.

Zeintzuk dira erronka horiek?

Material falta, adibidez, eta baita adinekoen egoitzetako egoera ere; izan ere, kezkagarriak dira egoitza pribatuetako datuak. Nire ustez, osasun publikoak esku hartu beharko luke egoitza horietan.

Gauza bera ospitale pribatuekin: Gasteizko osasun sarearen %10 dira, eta oraindik ez ditugu erabili. Gainera, bertako langileek prekarietate izugarria bizi dute, eta guk baino material gutxiago dute. Errua ez da beraiena; ez dezagun ahaztu azken urteetan nortzuk bultzatu duten osasun pribatua. Hemendik aurrera ondo pentsatu behar dugu zer nahi dugun gure gizartean: benetako osasun sistema publiko bat ala egoera honetan ere laguntzen ez duen osasun pribatua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago