#ARTdemia

Sorkuntza erdigunean jartzeko deialdi digitala abiatu du ARTgiak

Erredakzioa 2020ko mar. 31a, 12:40

ARTgia sorgune eta aretoak #ARTdemia deialdi digital abiatu du. / ARTgia

Ezohiko egoera baliatu du ARTgia sorguneak #ARTdemia deialdi digitala martxan jartzeko. Konfinamenduan garatutako tokiko artisten sorkuntza sustatzeko, 30 lan aukeratuko dituzte.

ARTgia sorgune eta aretoak indarrak batu ditu Enebada! eta Kultur ACT kultur elkarteekin #ARTdemia deialdiaren lehen edizioa abian jartzeko. Euskal Herri osoko sortzaileek konfinamendu egun hauetan sortzen ari diren lana ezagutarazteko "erakusleiho txiki bat" zabaldu nahi dute.

Euskal artistek sortutako 30 lan aukeratuko dituzte gehienez, ARTgiaren webgunean prestatuko duten erakusketa birtualean argitaratzeko. Hiru elkarteek osatutako epaimahaiak apirilaren 4an, larunbatean, jakinaraziko ditu aukeratutako lanak.

Erakusketa birtuala apirilaren 6an, astelehenean, inauguratuko dute 20:00etatik aurrera; eta maiatzaren 6ra arte egongo da webguneko azalean.

Begoña Lopez de Aberasturi eta Iñaki Landa, Instagram bidez solasean.

 

Kontakizun ezberdin bat

Begoña Lopez de Aberasturik azaldu du hiru erakusketa eta beste hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan dituztela: Yone Estivarizek ezin izan du Latxa erakusketa bukatu, Uxue Lopez de Arkauterena irailera atzeratu dute, eta Estibaliz Aguirrerena urrira arte itxaron beharko du.

"Kapitulu berri bat da historian, kontakizun ezberdina izango duena, eta utopiei eta distopiei atea ireki diena", adierazi du ARTgia sorgune eta aretoko arduradun Iñaki Landak, Instagram bidez eskainitako solasaldian. "Bi aukera genituen: jarduerak bertan behera uztea edo zerbait ezberdina".

Sormen-industria egoera kritikoan

Euskal Herriko kultura eta sormen-industrien sektorea egoera "oso kritikoan" dagoela diote #ARTdemia egitasmotik. Europako hainbat herrialdetan krisiari aurre egiteko eta Kultura eta Sorkuntza Industria (KSI) alde batera ez uzteko zenbait ekintza abiatu dituzte, baina hemen halakorik ikusi ez dutela salatu dute egitasmoaren sustatzaileek.

"Unea da erakundeek elkarlanean aritzeko eta oso kontziente izateko unearen larritasunaz eta kultur ekosistema aberats bat paramo bihurtzeko aukeraz", azpimarratu dute.

Administrazioek neurriak hartzea ezinbestekoa dela diote, krisiak kultur sektorean izandako eragin kaltegarriak arintzen laguntzeko. Adibidez, Kultura Sailaren hainbat deialdiren oinarrien aurkezpena edota proiektuak aurkezteko epeak sine die atzeratu direla azaldu du Iñaki Landak.

"Telelanaren aldeko apustu publikoa egiten den bitartean, praktikan aukera hori ukatu egiten zaie sortzaileei, errotik moztu baitute proiektuak aurkezteko aukera, fase hori telematikoki soilik egin daitekeen arren", kritikatu du Landak.

Gainera, #ARTdemia bultzatzen duten elkarteek ohartarazi dute 2020ko azken hiruhilekoan kultur ekimenen saturazioa gerta daitekeela, eta egoera "berbideratu" egin behar dela ziurtatu dute.

Hainbat proposamen zehatz ere egin dituzte: 2019ko justifikazioak eman ezin izan dituzten eragileei erraztasunak emateko erabakiak, 2020ko justifikazioak errazteko neurriak eta telematikoki aurkezten diren deialdiak lehenbailehen martxan jartzea, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago