Koronabirusa

Oporraldi luze baten kronika

Esti Lanao 2020ko mar. 24a, 11:47

Alarma egoerak Gasteizko familia bat Lanzaroten harrapatuta utzi zuen./ Mikel Latorre

Lanzaroten "harrapatuta" geratu zen aurreko astean Gasteizko familia bat; martxoaren 16an itzuli behar zuten etxera, baina alarma egoerak "oporrak" beste astebete luzatzera behartu zituen.

Astebeteko oporrak zituen antolatuta Mikel Latorre gasteiztarrak, bere bikotearekin eta haurrarekin. Martxoaren 9tik 16ra bitartean, Lanzaroteko paisaiez gozatzeko aukera izango zuten hirurek. Gauzak okertu ziren, ordea, eta azken egunotan ezarritako alarma egoeraren ondorioz, planak hankaz gora geratu ziren. Astebete gehiago pasatu behar izan dute irlan "harrapatuta", etxera bueltako bidaia egiteko aukerarik gabe, eta hotel guztiak itxita zeuden bitartean.

-Lanzarotera joan zineten, eta etorri aurretik alarma egoerarekin topatu zineten, Euskal Herrira etorri ezinik. Zelan joan zen guztia?

Otsailaren erdialdean erreserbatu genituen oporrak. Martxoaren 9an iritsi ginen Lanzarotera, eta 16an bueltatu behar ginen. Martxoaren 13an Timanfayako parke nazionala itxi zuten, eta horrek izutu gintuen. Hurrengo egunean, 14an, aireportura joan nintzen, hegaldiekin arazoak ote zeuden jakiteko, eta dena ondo zegoela esan ziguten. Beste egun bat pasatu zen bidaia bertan behera geratzen zela esan ziguten arte, posta elektronikoz. Vueling-ekin harremanetan jartzen saiatu ginen, baina ez genuen erantzunik jaso.

-Zenbat pertsona zeundeten egoera berean?

Euskaldunen whatsapp talde bat sortu genuen, eta bertan 35 pertsona geunden. Beste talde bat ere bazegoen, gainontzeko lekuetako 30 lagunekin. Horrez gain, bi talde horietan ez zegoen jendea bere kabuz konpondu zen.

-Zer moduz pasa dituzue egun horiek?

Amesgaizto bat izan da guztia. Egunero etengabeko ezjakintasuna zegoen; ez genekien zer gertatuko zen, gobernuak aireko espazioa itxi behar ote zuen. Hotelek itxi behar zuten, nagusiek hala agindu baitzieten. Kalean geratzekotan geunden, eta 15 hilabeteko ume bat besoetan.

-Zer neurri hartu zituzten bestelako erkidegoetako gobernuek?

Esate baterako, zenbait komunikabidetan atera ziren asturiar talde bat zegoen penintsulako whatsappean; haien arabera, Asturiasko Printzerria presioa egiten ari zen irlatik atera zitezen.

-Zer beste aukera zenituzten buruan?

Cadiz edo Huelvara joateko ferry bat begiratu nuen, baina ez zegoen lekurik, eta bakar bat ateratzen zen, igandetan. Pentsa, 35 orduko bidaia, 15 hilabeteko ume batekin. Hilabete batez etxe bat alokatzeko aukera ere hor zegoen, aireko espazioa ixten bazuten.

-Nola kudeatu zuten arazoa konpainiek?

Oso txarto, egia esan. Vueling-ek hiru hegaldi bertan behera utzi zizkigun eta Ryanair-ek bi. Aireportuko erakusmahai fisikoek ez zuten ezertan lagundu; ez ziguten azalpenik eman, ez telefonorik, ezta kasu hauetarako derrigorrezko laguntza ere. Beraz, konpainia hauen aldetik, oso gaizki; Ryanairrek dirua itzuli behar dit oraindik.

-Eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik?

Asier Aranbarri Urzelai lehendakaritzako aholkularia eta Eli Garcia gobernu kanariarreko ordezkoa guztia mugitzeaz arduratu ziren, Vuelingek Lanzarote-Bartzelona-Bilbo ibilbidea zuen hegazkin batean sartzeko.

-Eta zein izan zen konponbidea?

Igandean bueltatu ginen azkenean. Gastu extra guztiak nire kontu joan ziren. Beraz, erreklamazioa egitea tokatzen da orain. Hala ere, eskerrak eman behar ditut; Las Adelfas – Puerto del Carmen hoteleko, supermerkatuetako, eta Lanzaroteko jendea oso atsegina izan zen gurekin, eta egoera gainditzeko ahal izan zuten laguntza guztia eskaini ziguten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago