Lakuako pilotalekua etxerik gabeko pertsonentzako aterpe gisa erabilgarri utzi du Gasteizko Udalak, koronabirusaren aurrean martxan jarritako operatiboaren barruan. Guztira, 50 plaza prestatu dituzte, eta gaurtik aurrera, oheak, dutxak, jatekoa eta garbitegi-zerbitzua izango dute erabiltzaileek.
Gurutze Gorriak erabiliko du espazio hau, eta hara eraman dituzte Pio Baroja ikastetxe zaharreko gimnasioan zeuden pertsonak. Toki hori hutsik geratuko da orain, baina ekipamendua izango du, behar izanez gero, beste erabiltzaile batzuek eskura izateko.
Lakuako pilotalekuaz gain, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak beste gune hauek zabalik mantendu ditu: udal aterpetxea, neguan ostatua emateko baliabidea (NOEB), Aterpe eta Arkupeak. Horiek guztiak etxerik gabeko pertsonek aterpea hartzeko izango dira.